Zumaiarren doinuak

Eire Maiaren doinuak

Erredakzioa 2023ko api. 5a, 11:00

Eire Maia, eskuinean, taldekide duen Eire Salegirekin. (Arnaitz Rubio Aprea)

Eire musika proiektua sortu du Eire Maiak Eire Salegi lagunarekin batera. Urte hasieratik hona hiru abesti plazaratu dituzte (Bihar nola, Amaitu baino lehen eta Agur esateko). Gogoko dituen bost abesti aukeratu ditu Maiak atal honetarako.

1. Guitarricadelafuente – Guantanamera

Kanta hau orain dela urte asko entzun nuen lehenengo aldiz, baina beti izan dut bidelagun. Oso pertsonala da niretzat. Abesti honekin hasi nintzen jendearen aurrean abesten eta nire erosotasunetik ateratzen. Urte guzti hauetan pasatako momentu eta egoera denetan presente izan dudan kanta bat da, eta entzuten dudan bakoitzean etxean nagoela sentiarazten dit. 

2. Sam Fender – The Borders

Sam Fender izeneko artista Britainiarra orain dela pare bat urte deskubritu nuen. Bere gitarraren tonuak nostalgia handia sorrarazten dit, eta asko gustatzen zait transmititzen duena, bai musikalki eta baita letrekin ere.

3. Hofe x 4:40 ft Kiliki – 2 Esku 2 Laban

Euskal panorama izugarri aldatu da azken urteetan, eta Hofe eta Kiliki horren errudun dira hein handi batean. Horrelako kantek begiak ireki zizkidan, Chill Mafiaren edozeinek bezalaxe, eta ordutik, askoz indentifikatuago sentitzen naiz gaur egungo eszenarekin. Kanta hau asko gustatzen zait, beraien gehiengoen moduan. 

4. Youth Group – Forever Young

Kanta honek aitaren kotxeko atzekaldeko eserlekura eramaten nau. Txikitan beti entzuten genuen bertan, eta gaur egun entzuten dudan bakoitzean emomentu hartara itzultzen nau. Hau ere oso pertsonala da eta betidanik nirekin eraman dudan abesti bat da.

5. Phoebe Bridgers – Chinese Satellite

Orain dela gutxi ezagutu nuen Phoebe Bridgers abeslari eta letragilea. Ordutik ezin izan dut burutik kendu. Abesti bat aukeratzekotan, hau izango litzateke. Bere letrak oso pertsonalak dira eta oso estilo markatua du, ironia eta umorea erabiltzen baititu. Musikalki ere oso nostalgikoa da.