Zumaiarren doinuak

Felix Llavoriren doinuak

Erredakzioa 2023ko mar. 29a, 09:00

Makina bat musika taldetan aritua da Felix Llavori zumaiarra: A Santo de Que, Ezbaikorrak... Pop musikaren zale amorratua, talde horien guztien erritmoa eraman du bere bateriarekin. Gogoko dituen bost abesti aukeratu ditu atal honetarako.

Bost kanta aukeratzea, horrenbeste musika entzun eta gero, zaila benetan, baina, tira, hortxe doa nire aukeraketa.

1. Genesis – Supper's ready

Gazte nintzelarik anaia batek Genesis taldearen The Lamb Lies Down on Broadway biniloa oparitu zidan. Orduak eta orduak eman nituen hori entzuten. Baina lan hori kontzeptuala denez, ezin izango nuke kanta bat soilik aukeratu, beraz, Foxtrot diskoan dagoen Supper’s Ready aukeratu dut. Peter Gabriel Genesisekin ikaragarri gustatzen zitzaidan.

2. Todd Rundgren – International Feel

Gaztaroan Popular 1 eta Vibraciones musika aldizkariak erosten nituen eta horiek irakurriz jakiten nituen nire gustuko musikariek argitaratzen zituzten diskoak. Behin irakurri nuen niretzat ezezaguna zen tipo batek bi disko batera plazaratzen zituela, bat Utopia bere taldearekin (Adventures in Utopia), eta bestea berak bakarrik (Hermit At Mink Hollow). Musikari, abeslari eta produktore handia Todd Rundgren.

3. Daryl Hall & John Oates – Sara Smile

Garai politak bizi izandakoak Taosan. Hantxe Raulek bikote honen kanta bakar bat jartzen zuen: Room to Breathe. Nik, berriz, disko berean (Livetime) azaltzen den Sara Smile aukeratu dut.

4. Nacha Pop – Tragaluz

Sex Pistols, The Clash, Joy Division, Echo & The Bunnymen, New Order… Britania Handian. Nacha Pop, Radio Futura, Loquillo…, berriz, estatuan. Egia esan, beti "popero" bat izan naiz, eta Nacha Pop taldearen Buena Disposición diskoa lan galanta iruditzen zait.

5. Vintage Trouble – Nobody Told Me

Askotan ez dakizu zer entzun, eta ikerlari baten moduan aritzen zara bila eta bila. Ty Taylor, Vintage Trouble taldearen abeslaria, topatu nuen halako batean YouTuben. Daryl Hallekin abesten zuen Nobody Told Me. Hemen azaltzen den kanta Vintage Trouble-en bertsioa da, The Bomb Shelter Sessions diskoan dagoena.