Helene Alberdi eta Joseba Diaz nagusitu dira Zumaiako Herri Lasterketan

Aritz Mutiozabal 2023ko ots. 25a, 20:25

Triatleta zumaiarrak aise irabazi du etxean, eta korrikalari azkoitiarrak lehen itzulirako lasterketa hautsi du, bakarrik helmugaratuz. Bost kilometroko proba laburrean, berriz, Endika Donnay izan da bizkorrena gizonezkoetan, eta Rebeka Gonzalez emakumezkoetan.

300 korrikalariren parte hartzearekin jokatu da gaur arratsaldean Zumaiako 38. Herri Lasterketa; 5,1 kilometroko proba laburrean 73 lagunek osatu dute ibilbidea, eta 10,2 kilometroko proba nagusia, berriz, 224 lagunek. Ohi bezala, haurren eta gaztetxoen probak jokatu dira atariko moduan, eta 17:00etan eman diote hasiera proba nagusiari. Gizonezkoetan, Joseba Diaz azkoitiarra izan da garaile, eta emakumezkoetan, etxean geratu da txapela, Helene Alberdi zumaiarrak nagusitasunez irabazi ondoren.

Korrikalari azkoitiarraren (30:55) atzetik sailkatu dira, hurrenez hurren, Ander Garin alegiarra (31:49) eta Koldo Aiesta gasteiztarra (33:06). Podiuma osatu duen hirukoak, laugarren izan den Ruben Rufaza aizarnazabaldarrarekin batera, irteera eman bezain pronto egin du ihes, eta lasterketa buruan jarri da erritmo bizia jarrita. Lehen itzulia ematerako jada, Diazek erritmoa bizkortu du eta erasoa eginez, multzoa sakabanatu du. Hala, aldeak pixkanaka areagotuz, ia minutu bateko aldearekin helmugaratu da azkoitiarra Eusebio Gurrutxaga plazan.

Helene Alberdiren lasterketa, ostera, lasaia izan da estrategikoki dagokionez. Triatleta zumaiarrak ez du aurkaririk izan gaurko proban eta aise irabazi du (36:18), bere erritmoa hasieratik bukaerara arte jarrita. Une oro buru joan da, bigarren izan den Idoia Nogales debarrari bost minutuko aldea aterata (41:15); Maialen Zamakola gasteiztarra izan da hirugarrena (43:22), eta Maite Urteaga zumaiarra laugarren (43:29).

Bost kilometroko proba laburrari dagokionez, Endika Donnay arrasatearra izan da bizkorrena gizonezkoetan; bigarrena Iñigo Exposito oriotarra eta hirugarren Iban Delgado arrasatearra. Emakumezkoetan, berriz, Rebeka Gonzalez ibarrarra izan da onena, eta haren atzetik iritsi dira Eider Iriondo elgoibartarra eta Onditz Alberdi azkoitiarra.