Kazetaritza eskolan: 2023-2024

Nolakoa izango da Zumaia 2050ean? (2023-2024 ikasturtea)

Gorka Zabaleta 2024ko urt. 5a, 13:26

Zumaiako DBH3ko ikasleak kazetaritzara hurbiltzeko ekimena da hau. Kazetaritzaren oinarriak eta lan metodologia ezagutuko dituzte, praktikaren bitartez, eta denen artean herriarentzat baliagarria izan daitekeen lan kolektibo bat osatuko dute.

Ikasleen adina kontuan hartuta (14-15 urte), etorkizunari begira jarriko ditugu, etorkizuneko Zumaia nolakoa izan daitekeen erantzuten saiatuko dira. Aurrez aurre dauzkagun erronkak identifikatu eta haien inguruan zumaiarrek zer pentsatzen duten aztertuko dute, jasangarritasuna ardatz hartuta eta “Nolako Zumaia, halako mundua” lelopean. Ikasturte honetan tokiko merkataritzaren gaian jarriko dute arreta berezia. 

Helburuak

-Kazetaritzaren oinarriak eta lan metodologia ezagutzea, praktikaren bitartez.

-Talde lana balioan jartzea.

-Herri izaera eta ardura kolektiboa balioan jartzea.

-Jasangarritasunaren inguruko kontzeptuak lantzea.

Zer egingo dugu?

Zumaiako Herri Eskolako eta Zumaienako DBH3ko ikasleek (130 inguru) zumaiarren iritzia jasoko dute, aurrez prestatutako inkesta eredu bat oinarri hartuta; emaitza idatzizko zein ikus-entzunezko formatutan jasoko dute; azkenik, lanak gizarteratu egingo ditugu Baleike.eus webgunean atal berezi bat sortuta.

Gaia

Erantzun beharreko galdera orokorra hau izango da: Nolakoa izango da Zumaia 2050ean?

Jakin nahi dugu zein den zumaiarren ikuspegia etorkizunari begira: kezkak, beldurrak, aukerak, itxaropenak… Gaia Ikuspegi zabal betetik lantzeko inkesta bat egingo dute lehenik. Aurreko ekitaldietan egindako inkesta berbera izango da, emaitzak alderatu ahal izateko.

Horrez gain, elkarrizketa bana egingo dute, tokiko merkataritzaren gaian zentratuta.

Nola egingo dugu?

1.-Lehenik eta behin, inkesta prestatuko dugu: inkestako lotura hemen

2.-Tokiko merkataritza gai hartuta, elkarrizketarako galderak prestatuko ditugu (hemen galdera sorta)

3.-Ikasgela bakoitzarekin lehen prestaketa saioa egingo dugu, azaltzeko kazetaritzaren oinarriak eta metodoa, eta egin beharko duten lana zehaztu eta aholkuak emateko.

4.-Behin lana azalduta, ikasle bakoitzak elkarrizketatu bat lortu beharko du (guraso bat, gertu daukan helduren bat). Lehenik eta behin, inkesta osatu behar du heldu horrek, formularioan. Ondoren, elkarrizketatu egingo dute.

5.-Elkarrizketa grabatu egingo da (audioa edo bideoa, nahi den bezala), ondoren testua transkribatzeko. Argazkia ere egin behar zaio elkarrizketatuari.  

6.-Beste bi saio egingo ditugu eskolan, transkripzioari elkarrizketa forma emateko eta egindako lana baloratzeko.

7.-Azkenik, lanak txukunduta, argitaratu egingo ditugu Baleike.eus webgunean sortuko dugun azpiweb batean, eta egindako lanaren berri emango dugu gure hedabideetan, oihartzuna izan dezan.

Epeak

-Martxoaren 8ko astean hasiko gara lehen saioekin eta urtarrilean amaituko ditugu eskolako saioak.

-Ondoren, UKTko lantaldeak jasoko ditu lanak eta baleike.eus-eko prestatutako txoko berezi batean argitaratuko ditu, ikasturtea amaitu baino lehen.