Zumaiarren doinuak

Imanol Amilibiaren doinuak

Erredakzioa 2022ko abe. 20a, 09:00

Musika txikitarik maite izan du eta gaur egun gogoko duen hortaz gozatzeko aukera du, non eta agertoki batean. Karter rock taldeko abeslari eta gitarrista da Imanol Amilibia, eta gogoko dituen bost abesti aukeratzeko eskatu zaio. 

Oso zaila egin zait aukeraketa hau egitea. Izan ere, urte asko daramatzat musika entzuten eta miresten ditudan artisten zerrenda oso luzea da. Nola murriztu bost kantuetara bizia ematen didan zerbait? Nola murriztu bost kantuetara nire egunerokoaren parte dena?

1. Gluecifer – Automatic thrill

Gluecifer taldearekin hasiko naiz. 1995ean sortua, punk rocka jorratzen duen talde norvegiarra. Lehen aldiz entzun nituenean burua lehertu zidan, beraien gitarra zorrotz eta riff bortitzekin. Automatic thrill 2004an ateratako diskan (Put me on a plate) aurkituko dugun kanta da. Melokotonazo!!

2. Extremoduro – Autorretrato

Nire ama Extremaduran jaiotakoa da eta oporrak bertan igarotzen genituen. Talde hau entzuten dudan bakoitzean bertako momentuetara eramaten naute. Arratsalde bero haiek jasateko melodia hauek ezinbestekoak ziren, maisulan honek eta beste askok behin eta berriz burua kolpatzen ninduten. Canciones prohibidas Extremoduro rock taldearen zazpigarren albuma da, 1998an argitaratutakoa, eta Iñaki Uoho Antonek ekoiztua. Nire anaiari esker ezagutu nuen taldea eta gaur egun nire talderik kutunena da.

3. Blink 182 – All the small things

Hurrengo taldea Blink 182 kaliforniarra da, eta haien All the small things kanta aukeratu dut, 2000. urtean ateratakoa. Nerabezaroan los 40 principalesen sarritan entzundakoa, askoa markatu zidan. Gezurra badirudi ere, orain dela ez asko emisora honetan rocka jartzen zuten eta kanta honi esker musika munduan eman nituen lehen pausoak. Zumaiako San Telmo jaietako bertsio gauean jotzeko aukera ere izan genuen.

4. Violeta Parra – Volver a los 17

Estiloa aldatuz, Violeta Parraren Volver a los 17 aukeratu dut, 1966koa, baina Mercedes Sosak zuzenekoan egiten duen bertsioa, portugaldarrez, beste artista batzuek lagunduta. Lagun batek aukera eman zidan bere ekitaldi batean jotzeko, eta hari esker ezagutu nuen. Oroitzapen oso onak ekartzen dizkit. 

5. Aitana, Nicki Nicole – Formentera

Eta bukatzeko, Aitana eta Nicki Nicoleren Formentera. Urtero kanta batek harritzen nau eta aurtengoan, dudarik gabe, hau izan da. Bien arteko ahotsen konbinazioa ederra da, eta oso produkzio ona duela iruditzen zait, melodia eta erritmo erakargarriekin. Behin eta berriz entzuten dudan. Kirola egiteko ere oso gomendagarria.