Parte hartze zabala eta askotariko gaiak, Larrainaren bideo lehiaketan

Maria Maya Manterola 2022ko aza. 12a, 17:00

Euskarari bultzada emateko eta Larraina taldea bera ezagutzera emateko helburuarekin antolatu zuten lehiaketa. Guztira, askotariko gaiak lantzen dituzten hamabost bideo jaso dituzte. Kai Zabaletaren lanak irabazi du lehen saria. 

Larraina Egunarekin batera banatu dituzte Euskaraz, bai horixe! bideo lehiaketako sariak. Guztira, 14 eta 18 urte arteko gazteek ekoitzitako hamabost bideo jaso ditu euskara taldeak, eta Olatz Arregiren hitzetan, egileak ez ezik, era batera edo bestera, herritarrak ere inplikatu dituzte ikus-entzunezkoetan, elkarrizketak eginda, esaterako. 

Sormena, alderdi teknikoa, eta batik bat, mezua helarazteko gaitasuna izan dira epaimahaiaren ebaluazio irizpideak. Kai Zabaletarenak jaso du lehen saria; Manu Urangaren, Alaia Azkueren eta Alex Garciarenak, bigarrena; eta Maite Solozabalek, Nerea Ezeizak, Oihane Sanchezek, Libe Etxabek, Izaro Olazabalek eta Lidia Casalsek ondutakoak, hirugarrena. Arregik eman dizkie, hurrenez hurren, 500, 300 eta 200 euroko sariak, eta egindako lana eskertu die. Azaldu du bideoek askotariko gaiak landu dituztela, besteren artean, lehen hitza euskaraz egitearen garrantzia edota aurreiritziak. 

Aurki Baleikeren webgunean izango dira ikusgai saritu dituzten bideoak.

Kai Zabaleta: "Euskara izan da berriz elkartu gaituena"

Lehen saria irabazi duen bideoa ekoitzi du Kai Zabaletak: "Beti gustatu izan zait horrelako gaietan eta proiektuetan parte hartzea. Gainera, euskalduna naiz. Komentatu zidaten 500 eurokoa zela saria, eta pentsatu nuen ondo etorriko litzaidakeela, unibertsitatean nagoenetik gastu asko ditudalako". 

Sorkuntzaren bueltan aritu izan da beti Zabaleta. Lehen ideiari tiraka hasi zenean, joan-etorri dezente egin zituen Legazpira, aitonaren etxera. "Bideoan erakusten dudana askotan gertatu izan zait: komunikazio falta bat egon da, eta gaztelerara pasatzera derrigortua sentitu izan naiz", azaldu du. 

Lehenbizi, haren izeba Milari deitu eta ideia azaldu zion. "Nerabezaroan galdu egiten da harremana aitona-amonekin, eta hau aitzakia bat izan da hori berreskuratzeko. Euskara izan da berriz elkartu gaituena". Zabaletaren hitzetan, aitona "serio" agertzen da ikus-entzunezkoan, baina "oso ondo" pasa dute grabatzen. "Nire izebak ez daki euskaraz, baina bideoan esaten dituen esaldi gutxi horiek erakutsi dizkiot, fonetikoki eta. Esperientzia polita izan da, bai beraientzat, eta bai niretzat ere". 

Euskaraldian ahobizi rola jokatuko du: "Gogoa daukat. Euskaraz egiten dut, eta uste dut ez dela zaila izango. Etxetik lehen hitza euskaraz egiten irakatsi zidaten".