Terrazen ordenantzari buruzko saio irekia egingo dute astelehenean

Maria Maya Manterola 2022ko aza. 12a, 10:00

Behin inplikatutako sektoreen nahiz herritarren iritziak jasota, kontraste saio irekia egingo dute, ordenantza berriaren zirriborroa eskuetan. 

Inplikatutako sektoreekin nahiz herritarrekin bilerak egin eta gero, kontraste saio irekia egingo du udalak astelehenean. Izan ere, azken urteotan espazio publikoaren erabileraren inguruan jasotako kexak eta erabilera desegokiak kontuan hartuta, gaia berrartu du udalak, eta lanketa hori egiteko, gaiaren inguruko ahalik eta iritzi osatuena izan nahi du. Abendura artean egingo dituzte ekarpen, proposamen nahiz kexak jasotzeko saioak. 

Udalak azaldutakoaren arabera, terrazen ordenantzaren xedea da udalarenak diren jabetza eta erabilera publikoko lurzoruen aprobetxamenduaren erregimen juridikoa arautzea, baita erabilera publikoari lotutako jabetza pribatuko lurzoruaren erregimena ere, ostalaritzako eta merkataritzako jarduerak garatzeari lotuta. Horrek guztiak tabernen terrazei zein denden kaleko erakusleihoei eragiten die zuzenean.

Orain arte jasotako ekarpenekin osatu du udalak ordenantza berriaren zirriborroa, eta txosten hori izango dute oinarri asteleheneko kontraste saioan. Hemen irakur daiteke. Saioa 18:00etan izango da, udaletxeko pleno aretoan.