Terrazen ordenantza eguneratzeko parte hartze saioak egingo ditu udalak abendura artean

Maria Maya Manterola 2022ko urr. 13a, 16:30

"Ahalik eta adostasun handiena duen azken bertsioa" osatu nahi du udalak, eta horretarako, zenbait saio izango dira inplikatutako sektoreekin nahiz oro har herritarrekin. Ordenantza berriaren zirriborroa izango dute oinarri eztabaida abiatzeko.

"Espazio publikoaren erabileran jasotako kexak eta erabilera desegokiak" direla eta, terrazen ordenantzaz ariko da udala datozen hilabeteetan inplikatutako sektoreekin eta herritarrekin. Asmoa da ordenantza berriaren zirriborroa lantzea, guztien artean "ahalik eta adostasun handiena duen azken bertsioa" osatzeko. 

Izan ere, ordenantza horren xedea da udalarenak diren jabetza eta erabilera publikoko lurzoruaren aprobetxamenduaren erregimen juridikoa eta erabilera publikoari lotutako jabetza pribatuko lurzoruaren erregimena arautzea, batik bat, ostalaritzako eta merkataritzako jarduerak garatzeari lotuta. Tabernen terrazei eta kaleko erakusleihoei zuzenean eragiten die gaiak, eta horregatik, parte hartze prozesua abiatuko du udalak. Ostalariak, merkatariak, bizilagunak, udal ordezkariak, teknikariak, nahiz ostalaritza- eta merkataritza- bezeroak edota behar bereziak dituzten herritarrak gonbidatu dituzte saioetara. Ordenantza berriaren zirriborroa izango dute oinarri eztabaida abiatzeko; hemen ikus daiteke. 

"Birformulatzeko beharra"

Lehenbizikoz 2019an eguneratu zuten ordenanatza, baina aldaketa egin eta denbora gutxira, pandemia garaian, egoerari aurre egiteko neurriek ordenantzan jasotako hainbat alderdi malgutu edota aldatzea ekarri zuten. Egoera bere onera itzultzearekin ikusi du Udal Gobernuak birformulatzeko beharra, eta arautze hori egiteko, interes kontrajarriak daudela kontuan hartu nahi dute; besteak beste, espazio publikoa herritar guztiek erabiltzeko eskubidea, atsedenerako eskubidea, larrialdiei aurre egiteko bermeak, aisialdirako eskubidea, eta merkatari eta ostalarien interesak.

Hona hemen abendura artean egingo dituzten saioak: 

1. FASEA: Ekarpenak jasotzea

Urriak 17, astelehena 15:30. Merkatariak. 

Urriak 17, astelehena 16:30. Ostalariak.

Urriak 20, osteguna 18:00. Herritarrak.

2. FASEA: Kontrastea

Azaroak 14, astelehena 18:00. Saio irekia: herritarrak eta inplikatutako sektoreak.

3. FASEA: Azalpenak ematea

Abenduak 12, astelehena 18:00. Saio irekia: herritarrak eta inplikatutako sektoreak.