Zumaiarren doinuak

Eva Francoren doinuak

Erredakzioa 2022ko abu. 3a, 09:00

Argazkilaria, 2021eko Argizaiola Sariko irabazlea, baina baita musikazale porrokatua ere. Erronka handia izan da beretzako bost abesti aukeratzea, 50 edo 500 izan zitezkeelako. Bere bizitzako une jakin batzuetan eragina izan duten bost abesti aukeratu ditu zerrenda honetarako.

1. Suzanne Vega – Solitude Standing

Eskolan nuen ingeleseko irakasleak kasete batean pasa zidan disko hau. Orduko kaseteek abestien letrak eramaten zituzten letra oso-oso txikian, eta kanta guztiak ikasi nituen, hasieratik bukaera arte. Oso musika garbia da, samurra, oso ondo ulertzen dena. Modu horretan ikasi nuen ingelesa. Hizkuntza ikasteko modu egokia dela esango nuke.

2. Pixies – Gigantic

Sonic Youth eta beste taldeko osatzen zuten mugimendua islatzen du. Aurretik punka entzuten egoten ginen hemen, baina honek Gofixekin Txitxarroko kontzertuetara joaten ginen garaia gogoratzen dit; autoan joan-etorrian egoten ginen musika hau entzuten. Hori islatzen du, parranda giroa islatzen du. Agian Where is my mind kanta aukeratu beharko nuke, baina Gigantic hautatu dut. 

3. L7 – Shit list

18 urte nituela Ingalaterrara joan nintzen. Sekulako musika jaialditara joan nintzen han: Reading, Glastonbury, Phoenix... 1992ko Readingeko festibala kristorena izan zen: Nirvanak jo zuen, denek jo zuten han. Grunge girora mugitzen hasi nintzen. Natural Born Killers edo Reservoir Dogs bezalako filmak atera ziren garaia zen. Film haien soinu bandak ere garrantzitsuak ziren. Urte hartako Readingen bizi izan nuen unerik makarrena. Euri pila bat egin zuen, normala den bezala. L7 taldea atera zen agertokira, eta jendea lokatza eta plastikozko botilak botatzen hasi zen. Taldeko abeslariak eskatu zien gelditzeko, nahikoa zela, baina publikoak berdin jarraitu zuen. Halako batean, abeslariak erabilitako tanpoia atera zuen eta jendeari bota zion, "hor duzue erabilitako tanpoi bat!" oihukatuz. Abesti honek askatasuna eta jaialdietako giro hori gogora ekartzen dit. 

4. Prodigy – Warriors dance

Ezin dut aipatu gabe utzi Ingalaterrako rave edo dantza mugimendua. Egunez rockeroa zen jendea gauez dantzan aritzen zen. Prodigy taldeak dantzariak izaten zituen bere kontzertuetan; jendeari eskatzen zion dantzan aritzeko, eta Harry [bere bikotekidea] pare bat aldiz ibili zen dantzari bezala taldearen emanaldietan. 

5. Belako – Over the edge

Ingalaterratik bueltatu nintzenean entzun nuen lehen aldiz Belako. Ikusi nuen aurretik entzundako guztiaren oinordekoak zirela. Esan daiteke gure seme-alaba musikalak direla. 

[Posdata: Auroraren Runaway Maskarada proiektuaren prozesuan izandako garrantziagatik, eta Wet Legen Wet dream konfinamendu garaian entzuten zuelako ere gogoratu nahi izan ditu]