Zumarraga eta Zumaia arteko bidegorria osatzeko beste pauso bat eman dute

Juan Luis Romatet 2022ko uzt. 21a, 08:28
Iraetako tren estazioa. Argazkia: Euskal Trenbide Sarea

Iraetako eta Arroako tunelak birgaitzeko eta indartzeko eraikuntza-proiektua lizitaziora atera du Euskal Trenbide Sareak.

Zumarraga eta Zumaia bidegorri baten bidez lotzea eskatzen ari dira bailarako bizilagunak azken urteotan. Bizikletentzako eta oinezkoentzako bide hori osatzeko beste pauso bat eman zuen atzo Euskal Trenbide Sareak Iraetako eta Arroako tunelak birgaitzeko eta indartzeko eraikuntza prozesua lizitaziora atera zuelako. 

Urolako trenbide zaharraren Iraeta-Narrondo tartea bidegorri bihurtzeko lankidetza adostu zuten Jaurlaritzak eta Aldundiak pasa den otsailean. Instituzioen arteko lankidetza horren barruan, bi tunel horiek sendotzeko lanak egingo dituzte. Lehen tunelak, Iraetakoak, 80 metroko luzera du eta 520 metrokoa Arroakoak. ETSk azaldu duenez, Iraetako tunelak ganga eraitsita du eta sarrera bat itxita; Arroako tunelaren kasuan, bi sarrerak itxita daude barneko luizien ondorioz.

Bi tunelen egitura egonkortzearen eta berreskuratzearen zenbatekoa bere gain hartuko du ETSk, “proiektuaren ingurunean integraziorik onena lortzeko eta trenbide-ondarea kontserbatzeko”. Diseinuaz, lizitazioaz eta gauzatzeaz arduratuko da Eusko Jaurlaritzako erakunde publikoa. Aldundia, aldiz, Iraeta eta Arroa harteko bidegorriaren lanen prozeduraz arduratuko da. Esku hartze horien aurrekontua 450.000 eurokoa izango dela ere iragarri zuten atzo prentsa ohar baten bidez. 

Bidegorriak Narrondo auzoraino jarraituko duela ere azaldu dute instituzioek, “kota-aldea gaindituz, sigi-sagan doan % 8ko maldarekin, Zumaiarekin lotzen den bidegorriaren egungo trazadurarekin bat egin ahal izateko”. 36 kilometroko luzera izango du bidegorriak, eta ETSren esanetan, “proiektuak, arro horren trenbide-ondare garrantzitsua kontserbatzen lagunduko du, eta hura berreskuratzeak herritarrek erabiltzea eta gozatzea ahalbidetuko du”.