Urolako trenbide zaharraren Iraeta-Narrondo tartea bidegorri bihurtzeko lankidetza adostu dute Jaurlaritzak eta Aldundiak

Andoni Elduaien 2022ko ots. 24a, 13:30
Rafaela Romero eta IƱaki Arriola, Iraetako geltokiaren aurrean. Argazkia: Aldundia

Euskal Trenbide Sareak diseinatu, lizitatu eta egikarituko ditu Iraeta eta Arroako tunelak egonkortzeko lanak. Tarte horretako lau kilometroekin osatuko dute Zumarraga eta Zumaia lortzen dituen Urolako Bidegorria. Gipuzkoako Foru Aldundiaren jabetzakoa da Narrondo eta Arroako geltoki zaharra lotzen dituen tartea, eta lanak datorren urtearen hasieran hastea aurreikusi dute.

Urolako trenbide zaharraren Zestoa-Zumaia tartea bidegorri bihurtzeko lankidetza adostu dute Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun eta Lurralde Antolaketa Departamentuak. Gaur-gaurkoz, erakunde bakoitzaren konpromisoak jasoko dituen hitzarmena prestatzen ari dira bi aldeak. Urolako Bidegorria osatuko duen proiektu partekatua aurrera eramatea adostu dute, eta horrela, lau kilometro gehiago gehituko dizkiote bidegorri sareari.

“Oso egoera eskasean” dauden bi tuneletan esku hartuko dute. Iraetako tunelak 80 metro inguru ditu, eta ganga eraitsita nahiz tunelaren sarreretako bat itxita du. Arroako tunelak, aldiz, 520 metro inguru ditu, eta bi sarrerak ditu itxita barneko luizien ondorioz; gainera, lau metroko sakonera duen zulo bat du tunelaren goiko aldean. Euskal Trenbide Sarea (ETS) erakunde publikoaren bitartez, bi tunelen egitura egonkortzeko eta lehengoratzeko zenbatekoa bere gain hartzea erabaki du Eusko Jaurlaritzak; horrela, proiektua ingurunean “ahalik eta ongien integratzea” eta “trenbide-ondarea kontserbatzea” lortu nahi dute. Hain zuzen ere, ETS arduratuko da lurpeko bi pasabideetan lan horiek diseinatzeaz, lizitatzeaz eta egikaritzeaz.

Era berean, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun Departamentuak 450.000 euroko aurrekontua bideratuko du Narrondo eta Arroako geltoki zaharra lotuko dituen aire zabaleko plataformako bidegorriaren lanen diseinura, lizitaziora eta egikaritzera. Aurreikuspenen arabera, 2023. urtearen hasieran gauzatuko dituzte lanok. Erakundeek hitzarmena adostutako baldintzetan sinatu bezain laster esleituko dute trenbide plataformari dagokion tartea.

Iraeta eta Arroa auzoen arteko bidegorriaren trazadura tunel horien bitartez egingo dute. Narrondo auzoraino jarraituko dute lanek, eta Zumaiarekin lotzen duen bidegorriaren egungo trazadurarekin bat egin ahal izateko, kota aldea gaindituko dute, sigi-sagan doan %8ko maldarekin. Obrak amaitutakoan, Urola bailarak 36 kilometroko bide berdea izango du, desagertutako Urolako trenbidearen gainean.

Iñaki Arriola sailburuak zera nabarmendu du: “Proiektu honek arro horrek zuen trenbide ondare garrantzitsua kontserbatzen lagunduko du, eta berreskuratzeak herritarren erabilerarako eta gozamenerako erabiltzea ahalbidetuko du”. Gaineratu du, bera buru den sailarentzat garrantzitsua dela “erabiltzen ez diren lehengo trenbide trazadurek berriro bizia hartzea” eta hori “mugikortasun jasangarri” gisa egitea.

Bestalde, Rafaela Romero diputatuak azpimarratu du jarduera horrek bidegorria ingurunean “ezin hobeto integratzea” ahalbidetuko duela, eta horrek “eremuaren paisaia balioa” nabarmenduko duela. “Lurraldearen egituraketan beste urrats bat ematen duen mugikortasun jasangarri eta aktiboaren elementu bultzatzailea da proiektua. Eskualdeko bizilagunek aspalditik eskatutako proiektu baten aurrean gaude, eta orain proiektua gauzatuz, oinezkoen eta bizikleten mugikortasuna sustatzeaz gain, ingurumen aberastasuna eta bere ibilbidean izango dituen udalerriak ekonomiaren ikuspegitik suspertzeko aukera balioesten ditu”.