50 urterekin osasuntsu dago Dinastia Etxabe txapelketa

Juan Luis Romatet 2022ko uzt. 20a, 19:00

Uztailaren 29tik abuztuaren 25era bitartean jokatuko da Aitzurin pilota txapelketa honen 50. edizioa. Eskuzko partidez gain, zesta-puntakoak ere jokatuko dira.

Eibarko beraneanteak, Etxe-Ona jatetxeko bolero kontzertuak eta Dinastia Etxabeko pilota partidak. Orain hamarkada batzuetako Zumaiako udarak ez ziren berdinak izango herriko historian iltzatutako hiru mugarri horiek gabe. Denborarekin gauza batzuk aldatzen joan dira (Eibarko udatiarrak mundu mailatik etorritako beste bisitari guztien artean nahasten joan dira, eta Etxe Ona jatetxeak XXI. mende hasieran itxi zituen ateak), baina 1970eko hamarkadatik jokatu izan den pilota txapelketak sasoi betean jarraitzen du orain urte batzuk izandako ajeak atzean utzita. Aurten 50 urte beteko ditu, eta ohiko kirol eskaintza aberastu nahi izan du Zumaiako Kirol Elkarteak, txapelketaren antolatzaileak.

Hala iragarri zuten herenegun egindako aurkezpen ekitaldian. Txapelketa uztailaren 29an jokatuko da, eta ia hilabete geroago bukatuko da, abuztuaren 25ean, hain zuzen. Jardunaldiak astelehenetan eta ostegunetan jokatuko dira, lehenengoa izan ezik, ostiralez jokatuko dena.

Azken urteotan bezala, eskuzko modalitatean 23 urtez azpiko eta jubenil kategorietako pilotariak arituko dira. Lehen bi jardunaldietan, uztailaren 29an eta abuztuaren 1ean, 23 urtez azpikoen final zortzirenak jokatuko dituzte. Jubenil mailako pilotariak, berriz, final laurdenetan hasiko dira lehian, abuztuaren 4tik aurrera. Abuztuaren 18an eta 22an jokatuko dituzte finalerdiak, eta 25ean final handiak. Partida guztiak Aitzuri frontoian jokatuko dira, 21:00etan hasita.

Aurtengo txapelketan arituko diren berrogei pilotarietatik erdia baino gehiago, hogeita bat, gipuzkoarrak dira. Horiez gain, Nafarroako bederatzi, Bizkaiko sei, Errioxako hiru eta Arabako bakarra.

Zesta-puntak ere protagonismoa izango du

Eskuzko partidez gain, Dinastia Etxabeko 50. urteurreneko edizioan beste pilota modalitate batek ere lekua izango du: zesta-puntakoak, hain zuzen ere. "Dinastia Etxaberen historian garrantzia izan du. Arrakasta izaten ari den emakumezkoen esku pilota partidak jartzeko ideia ere izan dugu, baina azkenean zesta-puntako partidak jartzeko apustua egin dugu", azaldu zuen Iñaki Ostolazak, Zumaiako Kirol Elkarteko presidenteak. "Zumaiako puntistak maila polita erakutsi dute, eta hauei bultzada eman nahi diegu", gaineratu zuen.

Finalerdietan hasiko dira xisterako partidak jokatzen, eta arituko diren zortzi puntistetatik lau Zumaiakoak izango direla ere nabarmendu zuen.
Erlazionatuak

50. Dinastia Etxabe: egutegia

Juan Luis Romatet 2022 uzt 20 Zumaia