Txapelketaren historia eta istorioak presidenteen hitzetan

Juan Luis Romatet 2022ko uzt. 20a, 13:31
Goian, Luis Mari Alberdi eta Jesus Mari Unanue; behean, Jexux Iribar, Joxe Mari Zubimendi, IƱaki Ostolaza eta Javier Carballo. Argazkia: Juan Luis Romatet

Dinastia Etxaberen historian Zumaiako Kirol Elkarteak izan dituen presidenteek hitza hartzeko aukera izan zuten Alondegiko Oxford aretoan egindako aurkezpen ekitaldian.

Javier Carballo zen Zumaiako Kirol Elkarteko presidentea Dinastia Etxaberi hasiera eman zioten garaian. "Zumaian pilotarako afizio handia zegoela ikusita, Gipuzkoako Federazioak eskatu zigun txapelketa bat antolatzeko herrian". Beste herrietan ez bezala, partidak gauez jokatzeko apustua egin zuten Zumaian, paleta larruzko pilotako eta eskuzko modalitateetan. Adin handikoak kontsideratzen ziren pilotariei ateak zabaldu zizkietela ere gogoratu zuen. "30 urtetik gorako pilotariek ez zuten profesionaletan aritzeko aukerarik, eta Zumaian jokatzeko aukera zabaldu nahi izan genien". Hiru partidako jaialdiek osatzen zuten Dinastia Etxabeko jardunaldi bakoitza, eta hasieratik arrakasta izan zuela izan zuen gogoan Carballok. "Odieta bete egiten zen. Hura izan zen historia luze honen hasiera".

Joxe Mari Zubimendik hartu zuen Carballoren lekukoa Zumaiako Kirol Elkarteko presidente postuan. Kargudun izan zen urteetan alboan izan zuen taldea gogoratu nahi izan zuen. Azaldu zuen, baita ere, "beste txapelketa batzuetan ez bezala", Zumaian ez zitzaiela diru kopuru handirik ematen ere azaldu zuen, eta pilotariak gogotsu etortzen zirela Zumaiara.

Luis Mari Alberdi pilotari moduan aritu zen lehenbizi Dinastia Etxaben, eta antolatzaile gisa geroago Zumaiako Kirol Elkarteko presidente aukeratu zutenean. Urte horietan murriztu behar izan zuten txapelketaren iraupena. "Lehen ekainetik irailera bitartean jokatzen zen, baina beste kirol modalitate batzuk ere atera ziren, arrauna,esaterako, eta hor murriztu behar izan genuen". Parte hartzaileen adin tarteak ere garai hartan aldatu zituztela izan zuen gogoan.

Erremintari agurra

Jesus Mari Unanue palista ohia ere Dinastia Etxabe antolatzen duen elkarteko presidente izan zen. Urte batzuetan Zumaia erreminta modalitatean erreferente izan zela azaldu zuen Unanuek. "Hasieran paletan jokatzen zen eta gero pala motzean. Zumaian jokatutako pilotari asko pasatu ziren gero profesionaletara. Tamalez, 2007an Odieta eraitsi zutenean, erremintako partidak ezin izan genituen eraman Zestoako frontoira".

Jexux Iribar zen Zumaiako Kirol Elkarteko presidentea txapelketa lekualdatu behar izan zutenean: behin Odieta eraitsita, 2008tik 2015era bitartean Zestoan jokatu zen Dinastia Etxabe txapelketa. "Egoki ikusi genuen Zestoan jokatzea, etxabetarren dinastiako kide batzuk herri horretan jaioak zirelako. Zestoako herriarentzako ere positiboa izango zela pentsatu genuen, eta besoak zabalik hartu gintuzten". Urte horietan Zestoara mugitu gabe Dinastiak jarraituko ote zuen galdetuta, Iribarrek aipatu zuen hori ezin dela jakin. "Agian beste zerbait egingo zen, baina gauza da hemen gaudela orain".