Sanpedroak 2022

Pulpo eta Zumaiako kirol klubak eta Lucia Lacarra omenduko dituzte sanpedroetako txupinazoan

Maria Maya Manterola 2022ko eka. 28a, 13:30
Sanpedroetako txupinazo bateko artxiboko irudia. (Baleike)

Gaur hasiko dira sanpedroak, 18:00etan udaletxean botako duten suziriarekin. Herriko kirolariek eta Lucia Lacarra dantzariak parte hartuko dute ekitaldian, eta azken boladan horiek guztiek egindako lorpenak ospatuko dituzte.

Gaur arratsaldean abiatuko da sanpedroetako egitaraua. Festak iragartzeko txupinazioa 18:00etan botako dute udaletxetik, eta dagoeneko iragarri dute ekitaldi horretan parte hartuko duten herritarren zerrenda. Aurtengoan, Pulpo eta Zumaiako kirol elkarteetako ordezkariak izango dira bertan, bi elkarteetako taldeek lortutako igoerak ospatzeko. 

Beste zenbait kirolari ere omenduko dituzte: Maria Etxabe igerilaria, Leire Baraibar mendi korrikalaria, Irati Osa eta Martin Egaña piraguistak, Frida Watkins eta Gonzalo Agirre zesta puntalariak, Mady Diame boxeolaria, Eneko Carretero eskalatzailea, Anette eta Janire Gonzalez Txabarri surflariak, Helene Alberdi triatleta eta Oier Sarasketa xake jokalaria. Izan ere, horiek guztiek lorpen ugari egin dituzte azken boladan, eta udalak aitortza egin nahi die. 

Lucia Lacarra dantzari zumaiarra omenduko dute, berriz, bandera igoeran. Lacarrak ibilbide oparoa izan du, eta beste hainbat aitortzaren artean, Max Saria jaso berri du. 

Igandera arte ekitaldi ugari izango da herrian, eta horiek guztiak antolatzen aritu diren eragileen eta herriko elkarteen lana goraipatu eta eskerrak eman nahi izan dizkie udalak. Bestalde, gogorarazi dute festak guztiontzako espazio atsegin eta seguruak izan daitezen, beharrezkoa dela eraso eta jarrera matxisten aurka egiteko ardura hartzea. 

Hona hemen festetako egitaraua:

Ekainak 28, asteartea
  • 18:00. Udaletxean txupinazoa.
  • Jarraian, erraldoi eta buruhandiak kalejiran Tolosako dultzaineroekin.
  • 18:30. Ustekabe txarangaren kalejira.
  • 18:45. Sagarbidetik, sanpedroetako danborradaren irteera.
  • 18:00. Pelota partiduak Odietan Herri mailako Pala txapelketa, azken partidua.
  • 20:00. Udaletxean herriko bandera jasotzea.
  • 21:30. Torreberrin danborradako kideen afaria.
  • 22:00. Amaiako plazan diskoteka: Dj Alejandro.
  • 22:30. Eusebio Gurrutxaga plazan dantzaldia Trikizio taldearekin.
Ekainak 29, asteazkena
  • 09:00. Tolosako dultzaineroekin goiz soinua.
  • 11:00. Prozesioa, eta ondoren Meza Nagusia.
  • 11:00-13:00. Torreberrin haurrentzat jolasak eta tailerrak.
  • 11:30. Dultzaineroak kalejiran.
  • 12:00. Iraunkorrak txarangaren kalejira.
  • 13:00. Eusebio Gurrutxaga plazan Udal Musika Bandaren kontzertua.
  • 17:30. Eusebio Gurrutxaga plazan Tomaxen abenturak haur antzerkia.
  • 18:30. Iraunkorrak txarangaren kalejira.
  • 19:00. Eusebio Gurrutxaga plazan herri kirolak.
  • 19:00. Dultzaineroak kalejiran.
  • 22:30. Amaiako plazan diskofesta.
  • 23:00. Su artifizialak Valecea piroteknia etxearen eskutik.
  • Jarraian, Tolosako dultzaineroak kalejiran Arranplatik Eusebio Gurrutxaga plazara.
  • Ondoren, dantzaldia bertan Zumaiako Musika Bandarekin.
Ekainak 30, osteguna
  • 17:30. IV. Emakumezkoen pala txapelketa semifinal eta finala.
  • 19:30. Mari kalean, Musika Eskolako Jazz kontzertua.
Uztailak 1, ostirala
  • 18:00. Herri mailako Esku pilota txapelketa, azken partidua.
  • 22:00. Mari kalean, antzerkia: BETE INGOIAU!.
Uztailak 2, larunbata
  • 18:00. Buztintxuriko erraldoien kalejira.
  • 22:30. Mariatxi Cuchín Ibáñez eta Garibaldi-band taldea.
Uztailak 3, igandea
  • 11:00-14:00 + 17:00-20:00. Artisau azoka, Eusebio Gurrutxaga plazan.
  • 19:30. Plaza dantzak, Odietan.