Junior mailako Espainiako eskubaloi selekzioarekin arituko da Asier Iribar

Juan Luis Romatet 2022ko eka. 22a, 09:00
Asier Iribar, Bidasoaren lehen taldearekin, Bartzelonaren aurka jokatutako partidan.

Junior mailako Espainiako eskubaloi selekzioa Portugalen jokatuko den Europako txapelketa prestatzen hasi da dagoeneko. Espainiako federazioko hautatzaileak hemezortzi jokalari deitu ditu selekzioarekin aritzeko, eta horien artean da Asier Iribar Bidasoako jokalari zumaiarra. 

Portugalen jokatuko da aurtengo junior mailako Europako eskubaloi txapelketa, eta bertan parte hartuko duten selekzioak ari dira jada prestatze lanetan. Espainiako selekzioaren kasua da. Rodrigo Reñones hautatzaileak hemezortzi jokalari deitu ditu txapelketa horretara begira lan saioak egiteko. Deialdian da Asier Iribar jokalari zumaiarra.

Pasa den larunbatean elkartu ziren jokalariak Madrilen, eta handik Guadalajarara abiatu ziren, goiz eta arratsaldeko entrenamenduak egiteko. Behin kontzentrazioa amaituta, datorren asteburuan Airport Trophy izeneko txapelketa jokatuko dute Alemaniako, Espainiako, Frantziako eta Suitzako eskubaloi selekzioek Klotenen (Suitza). 

Pulpon hasi eta hezitako jokalari zumaiarrak denboraldi honetan izan du Irungo Bidasoaren lehen taldearekin jokatzeko aukera, bai Asobal ligan, baita Europa mailako partidan ere.