Asier Iribar: "Esperientzia oso ona izan da; ez nuen espero hain urrutira iritsiko nintzenik"

Juan Luis Romatet 2022ko mar. 4a, 09:00
Asier Iribar erasoan Bartzelonaren aurka jokatutako partidan.

Bidasoaren lehen taldearekin debuta egin du Asier Iribar Carceller eskubaloi jokalari zumaiarrak. Asobal Ligako eta EHF Europako Ligako partida bana jokatu ditu oraingoz Irungo taldearekin.

18 urte dituzu eta debuta egin duzu Asobal ligan. Espero al zenuen halakorik?

Pasa den urtean Bidasoatik deitu zidatenetik gauzak azkartzen joan dira, baina, serio esanda, ez nuen halakorik espero. Orain Bidasoarekin entrenatzen eta jokatzen hasi naiz, eta gauzak oso ondo doaz. Pertsonalki asko ari naiz hobetzen, eta ikaragarria ari da izaten.

Noiztik zaude Bidasoa taldean?

Aurreko denboraldian Pulpon nengoen, baina entrenamendu batzuk egin nituen Bidasoarekin, pare bat astez edo. Gero, udan deitu egin ninduten denboraldia beraiekin egiteko. Berez, Hondarribiako taldeko jokalaria naiz, Bidasoaren filialekoa, baina Bidasoarekin ere jokatu dezaket klubak deitzen badit. Astean zehar esaten digute zer talderekin entrenatuko dugun, eta zeinekin jokatuko ditugun partidak.

Pulpotik Bidasoarako salto horrekin aldaketak sumatuko zenituen.

Aldea oso oso handia da. Bidasoak sekulako ekipoa du, eta Asobal ligako bigarren posturako borrokan dago. Europan ere ari da jokatzen. Normala den bezala, entrenamenduak, prestakuntza, askoz hobeagoak dira. Jacobo Cuetara, nire ustez, munduko entrenatzaile onenetakoa da, eta hobetzera eraman gaitu. Aldaketa oso handia izan da.

Hondarribian jokatzen duzu, beraz. Zer moduz doa denboraldia?

Nazional mailako lehen mailan jokatzen dugu, eta oso ondo doa denboraldia. Kategoria nahiko polita da jokatzeko; ez da erraza, baina jokatzen duten taldeak ere ez dira oso indartsuak. Gure mailarentzako ondo dago; jokalari gazteak gara eta ikasteko maila ona da. Hirugarren gaude, Anaitasuna hiru puntura dugu, eta oso ondo ari gara jokatzen.

Nola heltzen zaizu Bidasoaren lehen taldean jokatzeko deia?

Nire postuan jokatzen duen Adrian Sala lesionatu egin zen. Jacobok galdetu zidan ea jokatzerik izango nuen. Belauna pixka bat ukituta nuen, eta medikuarekin proba batzuk egin nituen. Baina, banekien Bartzelonaren aurka jokatuko nuela, eta, nahiz eta pixka bat ukituta egon, jokatu nahi nuen. Lehen taldearekin bidaiatuko nuela esan zidan, Palau Blaugranan jokatuko nuela, eta nik ezin nuen sinestu hasieran. Nire txikitako idoloekin jokatzea izugarria zen. Familia ere joan zen partida ikustera –osaba eta izeko Bartzelonan bizi dira, eta partida ikustera hurreratu ziren–, eta oso pozik nago.

Ahaztuko ez duzun egun horietako bat izango da.

Banekien ez zela partida erraza izango. Oso leku polita da jokatzeko, eta, gainera, jokalari horien aurka. Txikitatik ikusi ditut telebistan, eta horien aurka jokatzea kristorena izan zen. Ez nituen minutu asko eduki; partida borrokatua izan zen, gola ere sartu nuen, eta oso pozik atera nintzen.

Urduritasunik izan al zenuen?

Nerbioso samar egon nintzen, gehienbat, lehen egunean, partida jokatuko nuela esan zidaten egunean. Baina, egunean bertan, eta hau arraroa da, ez nengoen batere urduri. Banekien jende asko egongo zela partida ikusten, baina nire buruan konfiantza nuen; banekien ondo jokatu ahalko nuela. Talde honekin, Bidasoarekin, urte osoa entrenatzen egon naiz, sistemak ondo barneratuta nituen, eta banekien gauzak ondo ateratzeko aukera zegoela. Konfiantza neukan nire buruarengan.

Partida bukatu ondoren zerbait esan al zizun Cuetarak?

Egindako partidagatik zoriondu egin ninduen. Esan zidan halako talde baten aurka debuta egitea, halako kantxa batean, meritu handia zuela, eta oso pozik zegoela nigatik.

Handik egun gutxira Alemanian jokatu zenuen Füchse Berlin taldearen aurka, EHF Europako ligako partida. Han ere gola sartu zenuen.

Hor minutu gehiago izan nituen, eta kristorena izan zen. Berlinera bidaia ekipoarekin, pista hura, argiak, harmailak, musika, amets bat ematen zuen. Eta ni, nire 18 urterekin, Berlinen jokatzen, oso oso pozik nengoen. Inguruan nuen jendeak igarri zuen amets bat bizitzen ari nintzela. 

Halako partidak, halako lekuetan jokatzeak ilusioa ere egingo dizu aurrera begira.

Niretzako esperientzia oso ona izan da; ez nuen espero hain urrutira iritsiko nintzenik. Zure burua halako lekuetan ikusteak motibatu egiten zaitu. 

18 urte besterik ez dituzu, gaztea zara, baina etorkizunera begira jarriko zinen.

Eskubaloian ibilbide luzea ikusten dut. Badakit asko dudala ikasteko, badakit hobetzeko asko dudala oraindik, baina badakit proiekzio handia izan dezakedala, lesiorik ez badut, behintzat. Ondo entrenatzen badut, nik uste, gauzak ondo joan daitezkeela.

Kauldi Odriozola ere hor duzu alboan ekipoan.

Zumaiako jendea oso pozik dago. Jende askok zoriondu gaitu. Kauldi bezalako jokalari bat ekipoan edukitzea garrantzitsua da. Asko lagundu dit, aholkuak eman dizkit. Txikitatik ikusi dut Kauldi Zumaian jokatzen, Bartzelonaren aurka-eta, orain berekin jokatzea niretzako oso inportantea izan da.