Garai bateko izanaren izenak, Mareaerrota eta Goiko Alberga plazak

Maria Maya Manterola 2022ko mai. 8a, 13:30

Gipuzkoako Erroten Eguna baliatu dute Zumaian Marearrota eta Goiko Alberga plazak izendatu eta ekitaldi bana egiteko. Udaleko ordezkariak, Astindu dantza taldeko kideak eta herritar ugari izan dira ekitaldietan.

Zumaiako kale izendegian bi leku-izen gehiago izango dira aurrerantzean. Izan ere, Gipuzkoako Erroten Egunean Marearrota eta Goiko Alberga plazak izendatu dituzte, eta ekitaldi bana egin dute memoriaren berreskurapen ariketa gisa. 

Mareaerrota plaza izendatu duten leku horretan bertan ez da geratzen errota haren arrastorik, baina historian eta oroimen kolektiboan lekua egin nahi izan diote, baita merezi duen garrantzia eman eta aitortu ere. Historian aditu eta idazle Imanol Azkuek mareaerrotaren inguruko testu bat irakurri du ekitaldian. Garai batean leku horretan bertan zegoena izan du hizpide, eta eskerrak eman nahi izan dizkie memoriaren berreskurapenean lan egin duten zumaiar guztiei, Rafael del Pilarri, besteak beste. 

Zumaiako Udalak herriko merkataritza sustatzeko martxan jarritako Errotaherria kanpainak ere keinu bat egin nahi izan zion mareaerrotari, Maddi Aldalur zinegotziaren esanetan. Horren inguruko bideo erreportajea egin zuen Baleikek orain gutxi; hemen ikus daiteke. 

Goiko Alberga plazan egin dute ekitaldiaren bigarren zatia, udaletxearen atzealdean, garai batean ura gordetzeko eta arropa garbitzeko zegoen eraikinaren lekuan. Duela lau urte artikulu honetan eman zuen Imanol Azkuek Zumaiako albergen berri. 

Astinduko kideek, gainera, dantzan egin diete harrera bi plazen izendapenei.