Orduan bai

Albergak, faltaren oroimina

Imanol Azkue Ibarbia 2018ko urr. 1a, 09:00
Argazki honetan ederki ikusten dira beheko alberga (ezkerraldean) eta goikoa (eskuinean).

Inguruko gazteei galdetuz gero, seguru asko gutxik asmatuko dute zuzen erantzuten, baina di-da begiratuko dizute mobilean zer den, Interneten den-dena dagoelako, eta, igual, baten batek esango dizu, ausart, lotarako eraikina (albergea) dela.

Nik gure orojakile nagusiari (Googleri) galdetu diot, “Zumaia alberga” sartuta, baina gaztelaniazko testuak baino ez dizkit erakutsi (“Zumaia alberga algunas de las formaciones y ecosistemas…”), eta Interneteko beste leku batzuetan begiratu behar izan dut gure albergen arrastoak ateratzeko. Horrela, baieztatu dut arabieratik eratorritako hitza dela (hain zuzen ere, “alberca”-tik), eta ur putzua esan nahi duela;  eta ahotsak.eus-en egiaztatu dut “alberga” hitza nahikoa arrunta dela inguruko beste herri batzuetan ere, ez dela Zumaiakoa bakarrik.

Gurean, ordea, albergak ura gordetzeko eraikinak baino zerbait gehiago dira: arropak garbitzeko lekuak. Izan ere, lehen ez zegoen garbigailurik etxeetan eta arropa kanpoan garbitzen zuten; baina egon, duela hamarkada batzuk arte etxeetan ez zen egoten urik ere, eta behar zena kaleko iturrietatik eramaten zuten. Arropa garbitzeko lekua errekaren edo ibaiaren bazterrean egoten zen, edo, bestela, iturburu baten ondoan; han, gehienetan, ura biltzeko depositu bat egoten zen, eta alboan, aska (animaliek edateko) eta alberga, harri zabal leunekin (arropa garbitzeko). Adibide polita da Sanjuaniturrikoa: ura Santiago (Karakas) aldetik eramaten zuten hara, eta erabiltzen ez zen iturriko ura eliz atariaren ondoko depositu batean biltzen zuten, eta handik beheko albergan aprobetxatu, arropa garbitzeko. Madalena Egañak “Zumaiako ahotsak”-en kontatzen duenez, iturriarekin zen: “Norberak nahi zuen adina aska bete, jabonadura harekin egin eta gero, irteterako, berriz ere garbia jarri”; Madalenen arabera, kanpoko marinelak ere joaten ziren, Laredokoak-eta, emakumeak erretiratutakoan, garbitzera, bizarra egitera… Arritokieta Manterolak xehetasun gehiago ere baditu gogoan, webgune bereko grabazio batean: 11 aska zeuzkan, eta Patxi Barrandero zain egoten zen emakumeak noiz alde egingo, eskoba latzarekin egunero pasatzeko askak. Txikitako oroitzapen bat datorkit burura: Pakita Porraja San Telmo kalean gora, pausoa mantso eta tente, buru gainean zinka bete arropa garbituekin, ermitarako bide bazterreko sasitzan arropak lehortzen jartzera.

Beheko albergako depositua, negar istilak ere ikusten zaizkiola.

Zumaiako artxiboan sarritan aipatzen dira lavaderoak (eta tarteka alberga ere bai), gehienetan garbitu edo teilatua konpondu beharra zegoelako, eta aipamen zaharrenetako bat 1787koa da, Ardantzakoarena. Alberga horietako batzuk ezagutu ere egin ditugu XX. mendean. Besteak beste, herrigunean zeuden goiko alberga (orain udaletxearen dorrea edo artxiboa dagoen lekuan, 1840an eraikia), behekoa (Ardantzabideren hasieran, 1889an eraikia), Arroakalean (Iturrikoa baserriaren ondoan) eta Estazio aldean (Zubiberriaren eta biribilgunearen pare horretan, 1915ean eraikia). Oikian ere baziren garbilekuak; plazan bertan zeuden depositua, iturria, aska eta alberga, eta Mantzizidorko (Mantziorko) zubi ingurura ere joaten ziren arropa garbitzera, han ere bazeudelako harri lauza egokiak, Urola ibaiaren ertzean, Zentralaren ondoan edo Zubitxon.

Arropa garbitzeko lekuak izateaz gain, ordea, albergek bazeukaten beste funtzio bat: sozializatzeko eta harremanetarako elkarguneak ziren, horietan elkartzen zirelako emakumeak (etxeko lanak egiten zituztenak), eta arropak garbitu bitartean zenbat kontu, esamesa, iritzi, eztabaida, poz, haserre…, eta kantuak ere bai, lana eramangarriagoa egiteko. Bitxikeria bat: “Pulpoko alberga” deitu izan diote batzuek elkartearen aurreko eserlekuari (Saregile plazan), arropak garbitzeko ez, baina hizketarako eta herriko kontuen berri jakiteko elkargune egokia zelako.

Emakumeak arropa garbitzen goiko albergan. (Zumaiako Udalaren Fototeka)

Gaur egun, beste albergarik ez daukagu Zumaian, baina ezin esan desagertu egin zirenik; aitzitik, aurrerabideak bota zituen, ustez ez zutelako ezertarako balio, XX. mendearen amaieran eta XXI.aren hasieran. Zumaiako goiko alberga dela eta, bi testu polit aurkitu ditut baleike zaharretan: batean, 2001ean, honela zioen Belen Golmaiok: “Eta [goiko alberga] hauxe bakarrik geratzen zaigula ikusita, ez al litzateke egokia izango alberga hau ondo-ondo txukundu eta kontserbatzea, garai bateko ohitura eta bizimoduaren lekuko izateko? Berez politta eta batzuetan zikin xamarra egoten den inguru horrek ere asko irabaziko luke, eta guk, ia ahaztua daukagun ‘alberga’ hitza erabiltzen jarraitzeko aitzakia edukiko genuke”; lau urte geroago, Inazio Tolosak okerrena egiaztatu zigun: “Goiko alberga zaharra bota dute, nire esperantza tontoak, konpondu eta historiaren testigu mutu bezala utziko zutela esaten zidan, baina nonbait halako testiguek ez dute merezi gordetzea, ez dira etorkizunari eman behar diegun eredua, hobe kanoiak eta antzekoak, baina alberga konpondu eta halakoak tira, tira… Gainera, emakumeen kontuak dira horiek eta badakizue… emakumeen historia ez da ia existitzen”. Beheko albergari, berriz, Telefónicaren eraikinak jan zion pusketa bat, lehenengo, eta hura bota behar zutenean eraitsi zuten, ondoren.

Joango gara beste herri batzuetara, ikusiko ditugu hango albergak, txukun eta ondo zainduta (erabiltzen ez badira ere), eta a zer inbidia, a zer hutsunea gurea…

Aresoko garbitegia. Oso bitxia da, oktogono forma daukalako. (guiailustradadenavarra.com)