Itzurunbideko igogailua egiteko lau proiekturen artean bozkatzeko aukera izango dute zumaiarrek bihartik

Maria Maya Manterola 2022ko mai. 8a, 16:00
Itzurunbidean jarritako paneletan ikus daitezke proposamenak. (Zumaiako Udala)

Ideia lehiaketako lau proiektu finalisten artean botoa eman ahal izango dute 16 urtetik gorako zumaiarrek. Herritarren bidez banatutako puntuaketari mahai teknikoarena gehituko diote, eta puntu gehien lortzen dituen proiektua izango da gauzatuko dutena.

Bihar hasi eta maiatzaren 20ra bitarte, Zumaian erroldatuta dauden 16 urtetik gorako herritarrek Itzurunbidean egingo den igogailuaren inguruan iritzia emateko aukera izango dute. Hain zuzen ere, lau proiektu finalisten artean egin beharko dute aukeraketa, botoa emanda. 

Duela urtebete bildu zen Zumaiako Udala Larretxoko bizilagunekin, eta bertan azaldu zuen Iñaki Ostolazak Larretxoko irisgarritasuna hobetzeko bi igogailu egiteko Udal Gobernuaren asmoa. San Telmo kaleko igogailuaren obrak otsailean hasi zituzten eta, ondo bidean, ekainaren amaierarako izango da martxan. Orain, Itzurunbideako igogailuaren proiektuaren lanetan murgilduta dago udala. Ideia lehiaketaren fasea amaituta, herritarrei emango diete hitza. 

Bi bide izango dituzte herritarrek botoa emateko: telematikoki, partaidetza.zumaia.eus webgunean; edo presentzialki, udaletxean bertan, 8:00etatik 14:30ak bitarte (NAN agiria erakustea ezinbestekoa da). Herritarren bidez banatutako puntuaketari mahai teknikoarena batuko diote, eta puntu gehien lortzen dituena izango da proiektu irabazlea. 

Zalantzak argitzeko, hirigintza@zumaia.eus helbidera idatzi dezakete herritarrek. Aurrez aurre era jaso daitezke argibideak, aurrez 943-86 50 33 telefono zenbakira deituta eta hitzordua eskatuta.

Proposamenak

1. Herensugearen igogailua



Proposamen honek Itzurunbidea eta Larretxo auzoa egungo zubitik gertu lotzen ditu. Proposatutako igogailuak eta Flysch Hotelarenak kale irisgarri baten bidez lotura izango dute, honek Larretxo auzoko irisgarritasunari onura nabarmena ekarriko dio eta garrantzi handia hartzen du bi igogailuak lotuko dituen ardatzak.


2. Lurrari lotuz



Proposamenaren helburua da ingurunean ahalik eta gehien integratzea, aurrexistentziekin lehiatu ez dadin. Zubitik separatuz eta harresitik apur bat aldenduz, elementu hauei beraien izaera mantentzeko aukera ematen zaien heinean proiektua ingurumenera erabat egokitzen da.


3. Harri bidea



Itzurun Zuahizbidea, zuhaizti zulo ederra eta paregabea da. Oinezkoak inguru berezian murgiltzen ditu, landare igokariz betetako harlagintzezko horma astunen eta ardatza marrazten duten platanazeo kopen azpian. Igogailua harresiaren erremate gisa planteatzen da, herriaren eta Talaimendiren artean, naturalaren eta eraikitakoaren arteko trantsizio gisa. Harri prisma gisara planteatzen da igogailuaren azala, harriko hormari jarraipena emateko eta ingurumenarekin batzeko. Harri bolumen zulatua, argia igogailuaren barnean sar dadin eta kanporantz ikusi ahal izateko.


4. Larretxo Lotu



Elementu hau modu estrategikoan kokatzen da, Itzurunbidearen ardatzarekiko 27 graduko bira emanik igogailua ingurunera egokitzen da, kalea estutu edo sekzioa aldatu gabe. Horrez gain, igogailuaren irteerako eta sarrerako espazioak antolatzen ditu, bai goikoak zein behekoak. Horrela, urbanizaziotik salbuetsitako itxaroteko guneak sortzen dira, espazio optimoak lortuz.

Ikusi proiektuen xehetasunak Zumaiako Udalaren webgunean.