San Telmo kaleko igogailua egiteko lanak hasi dituzte

Maria Maya Manterola 2022ko ots. 25a, 14:00

Ekainerako martxan egotea aurreikusi du udalak. San Telmo kalekoaz gain, Itzurunbideko igogailua egiteko lehiaketa prozesua ere martxan da. 

Larretxo auzuneko irisgarritasuna hobetu asmoz, San Telmo kalea eta Larretxo lotuko dituen igogailuaren eraikuntza lanak abian jarri ditu udalak. Hiruzpalau hilabete iraungo dute lanek: ekainerako igogailua martxan egotea espero dute. Guztira, 295.500 euro bideratu dute obrara. 
 

Udalak jakinarazi du igogailuaren goiko aldeko gunea ere hiritartu egingo dutela, "2021eko maiatzean Larretxoko bizilagunekin egindako bileran jasotako ekarpenak kontuan hartuta". Eremu horretako espaloiak zabaldu, eta Larretxoko 7 eta 13 atarien arteko obra eta ur hornidura sarea berrituko du. Bestalde, plaza berdetik malda irisgarrien bitartez igogailua eta Larretxoko plataforma elkar daitezkeen ere aztertuko dute. 


San Telmo kalea eta Larretxo auzunea lotuko dituen igogailuaren proiektua.


Larretxo auzunean irisgarritasuna hobetzeko egingo diren lanen planoa.

Iñaki Ostolaza alkateak joan den urteko maiatzean jakinarazi zien auzuneko bizilagunei bi igogailu egiteko konpromisoa. San Telmoko igogailuaz gain, Itzurunbidekoa egiteko ideia lehiaketa prozesua ere martxan da. 

Atzo, osteguna, amaitu zen ideia lehiaketa horretara proiektu proposamenak aurkezteko epea, eta udalak osatu du dagoeneko epaimahai teknikoa. Jasotako proposamen horiek udaleko eta Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialak puntuatuko ditu, kalitate teknikoa eta estetikoa kontuan hartuta. Lau proposamen onenen bozketan parte hartu ahal izango dute 16 urtetik gorako zumaiarrek, dena ondo bidean, martxoan zehar. 

Bozketa egunen inguruko informazioa eta xehetasun guztiak zumaia.eus webgunean argitaratuko ditu udalak.