Badator Korrika

Onintza Lete Arrieta 2022ko api. 7a, 10:44

Euskararen aldeko hitzordu garrantzitsuena iristear da, goizaldean zeharkatuko duelako herria 22. Korrikak. Horregatik, AEK-k egun osoan girotuko du herria. 11:30ean Korrika Txikia egingo dute ikasleek, eta 20:00etatik aurrera, sagardoa, jatekoa eta musika izango dira Kofradian. Kilometro bakoitza non den ikusi nahi? Hemen zerrenda.

Joan den ostegunean, martxoaren 30a, hasi zen Korrikaren 22. edizioa Amurrion (Araba), eta Zumaira iristear da euskararen aldarria lau haizetara zabaltzen ari den egitasmoa. Goizaldean, Zestoatik barna etorriko dira korrika herritarrak lekukoaren atzetik, 02:58 aldera –antolatzaileen arabera, gehienez hamar minutuko atzerapenarekin ibiltzen dira–. 

Narrondon hartuko dute lekukoa aurrenekoek, Erkibe Kultur Elkartekoek, eta handik Txikierdira joko dute, Axular ibiltokira gero, eta Zubitxikia pasata, Txomin Agirre kaia, Bidasoa kalea, Amaiako plaza, Erribera kalea, eta Zuloaga plaza zeharkatuko dituzte. Berriro Zubitxikia pasatu, eta Patxita Etxezarretatik joango dira N-634 kostako errepiderantz, Getariarantz. Hauek dira lekukoa eramango duten eragileak.

Getaria, Zarautz eta Orio zeharkatuko ditu Korrikak ondoren, eta 05:30 aldera aterako da eskualdetik, Usurbilerantz. Tolosaldera joango da Korrika, eta ostiraleko eguerdi partean itzuliko da berriro eskualdera; Bidaniatik sartuko da Errezilera, 12:23an. Gero, Azpeitia eta Azkoitia zapaldu ostean, Urretxurako bidea hartuko du Korrikak. 

Korrika eskualdera iristen denean, zuzenean jarraitu ahal izango da UKTko tokiko webgune guztietan –Baleike, Karkara, Maxixatzen, Uztarria eta Zarauzko Hitza– Urola Kostako Hitzan eta Erlo Telebistan. Korrika Urola Kostara iritsi baino ordu batzuk lehenagotik izango da ikusgai Korrikaren zuzeneko bideoa, 20:00etatik aurrera. 

Gaur hainbat ekitaldi

Korrika Txikia hasiko da gauerako motorrak berotzen. Martxoak 8 plazatik (Ardantzabide) Beheko plazara egingo dute lasterka ikasleek, 11.30ean abiatuta. Bertan manifestua irakurriko dute.

Arratsaldean, berriz, 18.30ean hasita Otsandreak Korrika gazte eta helduentzako kontaketa izango da Emakumeon* Etxean, Amaia Zinkunegi Zipitriaren eskutik.

Behin kontaketa amaitzean, 20.00etatik aurrera Kofradian Korrika jaia ospatuko da. DJ Bullek bere karabanarekin musikaz girotuko du jaia, eta sagardotegi txiki bat izango da doan: Lizeagako barrikotea eta Inpernupe Elkarteak erretako txahal saiheskia banatuko dute Kofradiako plazatxoan.