Urolako bidegorriaren lanen atzerapenaz galdetu dute Batzar Nagusietan Zestoako eta Zumaiako alkateek

Mailo Oiarzabal 2022ko mar. 25a, 09:00

Mikel Arregi Zestoako alkateak eta Iñaki Ostolaza Zumaiakoak atzo egin zuten urte hasieratik eskatuta zuten agerraldia.

Mikel Arregik eta Iñaki Ostolazak, Zestoako eta Zumaiako alkateek, agerraldi bateratua egin zuten atzo Gipuzkoako Batzar Nagusietan, Urolako bide berdearen ibilbidea osatzeko falta diren lanak hizpide hartuta. Iraeta eta Narrondo lotzea da Zumarragatik Zumaiaraino joango den bidegorria edo bide berdea osatzeko gelditzen dena, baina lau kilometroko tarte horretako lanak atzeratzen ari dira, eta horren gaineko kezka behin baino gehiagotan adierazi dute Zestoan eta Zumaian.

Hala ere, bi alkateek Batzar Nagusietan agerraldia egitea eskatu zutenetik agerraldia egin ahal izan duten egunera bitartean izan da berrikuntzarik Urolako bidegorriaren azken lanen gainean. Izan ere, urte hasieran eskatu zuten agerraldia egitea Arregik eta Ostolazak; eta otsail bukaeran, Urolako trenbide zaharraren Iraeta-Narrondo tartea bidegorri bihurtzeko lankidetza adostu zutela jakinarazi zuten Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta begi onez hartu zuen erabaki hori Zestoako Udalak.

Batzar Nagusietan, bi alkateek aipatutako akordioaz eta obren atzerapenaz duten iritzia emateko eta proiektuaren inguruko galderak helarazteko aukera izan zuten atzo.