Ukrainarrei laguntzeko SOS Ukraina Zumaia taldea sortu dute

Onintza Lete Arrieta 2022ko mar. 5a, 20:00

Boluntario taldea, gaur goizean, udalak utzitako lokalaren aurrean (Onintza Lete Arrieta).

Taldeak bi helburu finkatu ditu: batetik, premiazko laguntza biltzea, eta horretan ari dira dagoeneko; eta bestetik, errefuxiatuentzako harrera sarea sortzea. Udalak lokala utzi die dagoeneko material bilketa egiteko, eta hurrengo asteburuan janari bilketa egingo dute herriko saltokietan.

Nor bere aldetik mugitzen ari zirela ohartu ziren Manu Gonzalez, Mikel Argoitia –Justo Argoitiaren semea da, eta horrek etxean dauka hartuta Maryna Prots ukrainarra– eta beste hainbat, eta elkartzea pentsatu zuten. Hala, SOS Ukraina Zumaia taldea sortu dute.

Ostegunean izan zen hori, duela bi egun. Gaur goizean, esku bete lanekin ari ziren dozena erdi lagun udalak Odieta frontoiaren ezkerraldeko etxebizitzen behealdean utzi dien lokalean. Lokala irekita izango da egunero 18:00etatik 20:00etara, herritarren ekarpenak jasotzeko.

Eskerrak eman beharrean direla esan dute, laguntza asko jasotzen ari direlako: "Udalak bi egunean utzi digu lokal bat, eta denda batek erabaki du stock azokan parte ez hartu eta arropa guztia guri ematea. Beste enpresa batek 200 kaxa eman dizkigu materiala hor gordetzeko, eta arraunekoek furgoneta utzi digute eskoletatik materiala lokalera ekartzeko. Oso eskertuta gaude", zehaztu dute Argoitiak eta Gonzalezek.

Prostek esan du nabaritu duela elkartasuna. Berak lan egiten duen tabernan, esaterako, kaxak bete eta bete ari dira. 

Egunotan inguruko herrietako taldeekin harremanetan jartzen ari dira zumaiarrak, zailtasun handienari aurre nola egin asmatzeko: hau da, nola iritsarazi ukrainarrei bildutako material guztia? Zestoarrekin harremanetan dira dagoeneko, eta haien bitartez oriotarrekin ere bai, eta orain zarauztarrekin eta azkoitiar nahiz azpeitiarrekin ere nahi dute bildu.

Era berean, harremanetarako bideak ere jarri dituzte herritarren eskura. Hala, sosukrainazumaia@gmail.com helbidera idatz dezake informazioa nahi duen orok.

Gerra amaituta ere, luzerako

Argoitiak argi du gerra azkar amaituko balitz ere, luzerako ondorioak izango dituela eta laguntza sareak denboran iraun beharko duela. "Horregatik, agian gero elkartea osatu beharko dugu".

Orain, "presazkoa" dena egingo dute; materiala bildu eta Ukrainara bidali eta herritarrak sentsibilizatu. Esaterako, eskerrak emanez bideoa prestatu dute, eta Prostek eskoletara bidaliko du. Sare sozialak ere martxan jarri dituzte,

Gerora, ordea, "errefuxiatuak iristen badira Zumaiara, haiei laguntza eman beharko zaie aurreneko egun, aste eta hilabeteetan, ezer gabe etorriko direlako".

Janari bilketa hurrengo asteburuan Eroskin eta BM-n

Aste honetan Zumaienan eta Herri Eskolan egin dira bilketak, eta lokalean material asko dute orain.

Ordea, argi dute jakiak biltzen eta bidaltzen jarraitu beharra dagoela, eta horregatik, deialdia egin dute hurrengo asteburuan –martxoaren 11n, ostiralarekin, arratsaldean, eta 12an, larunbatarekin, egun osoz– produktuak jasotzeko herriko hiru Eroski eta BM saltokietan.

Gonzalezek azpimarratu du arroparik ez dela behar, eta ez emateko. Honako produktuak dira behar dituztenak:

Higiene produkutak: Toallitak, pixoihalak, konpresak, hortzetako zepiloak eta pasta.

Hotzari aurre egiteko: Zapatak, barruko arropa termikoa, lo-zakuak, toailak, izarak, mantak.

Elikadura: Prestatutako janaria (latetan, kristalezko ontzietan ez), kontserbak, esne-hautsa, zereal-hautsa, zopak, arroza, pasta, kafea, txokolatea, kakaoa, gailetak, barritak eta fruitu lehorrak.

Sanitarioak: Gasak, bendak, Bbetadine, eskularruak eta musukoak.

Bestelakoak: Haurrentzako jolasak, eskolako materiala, kandelak, metxeroak, pospoloak, linternak, pilak, erabilera bakarreko platerak eta mahai-tresnak, kanpin-dendak eta berogailuak, berotzeko aparatuak, sorgailuak, ezinduentzako gurpil-aulkiak (haurrak eta helduak), makuluak, prismatikoak, eskuzko irrati eramangarriak.