"Beldurra handia da, nahiko herrialde aurreratua garelako"

Juan Luis Romatet 2022ko ots. 24a, 20:00
Maryna Prost, atzo, Zumaian, Justo Argoitiarekin. Umea zela ekarri zuten etxera zenbait udatan, eta gaur egun Argoitiarekin eta haren emaztearekin bizi da (Juan Luis Romatet)

Goizetik adi-adi ari da jarraitzen Maryna Prots Ukrainako egoera, Errusiak hasitako erasoa dela eta. Uste du Errusiako gizartearen esku ere badagoela egoera aldatzea. "145 milioi pertsona dira; Errusia ez da pertsona bakarra".

Txernobyl (Ukraina) inguruko herri batekoa da Maryna Prost 23 urteko gaztea, eta umetan ezagutu zuen Euskal Herria, Chernobilen Lagunak elkarteari esker uda batzuetan Euskal Herrira etortzeko aukera izan baitzuen. Duela hiru urtetik hemen bizi da, eta gertutik jarraitzen ari da atzo Errusiak Ukrainaren kontra hasitako erasoak. Sakelakoari adi pasatu zuen atzoko eguna, eta goizean bere iritzia eman zion egunkari honi. 

Nola ari zara bizitzen Ukrainan gertatzen ari dena?

Nahiko gaizki. Hemen egonda asko sufritzen ari naiz nire herrialdeagatik. Azken batean, nire bizitza han ere badago: lagunak, familia, denak han ditut. Orain ama eta anaia kanpoan daude, baina anaiaren emaztea, umea... Ukrainan dira. Ni hemen nago, baina beldurra dut, ez dudalako nahi historia errepikatzerik. Ez dut nahi berriz ere ez dakit zenbat jende alfer-alferrik hiltzerik. Ez dugu behar ez guk, ez beraiek, errusiarrek. Horregatik, gure politikariak ari dira eskatzen Errusiako gizarteari esna daitezen. Gu esaten ari garena da ez gaudela beraien kontra, ez dugula gerra nahi, lasai bizi baizik. Eta azken batean, Errusiako gizartearen esku ere badago gauzak aldatzea, 145 milioi pertsona direlako. Errusia ez da pertsona bat.  

Zer kontatu dizute?

Gaur goizean esnatu naizenean, segituan jarri naiz harremanetan nire lagunminarekin. Konektatuta zegoela ikusi dut, eta deitu egin diot. Esan dit 05:30 inguruan esnatu direla bonben hotsekin. Kolpe bat bezala entzun omen dute, eta herri osoa esnatu omen da. Albisteak berehala hasi dira iristen. Izan ere, ez ziren ari gerran dagoen lurralde zatia erasotzen, herrialde osoa baizik: aireportua, militarren egoitzak. Ez dakigu pauso garrantzitsua izan den, ala izua eragiteko. 06:00etatik jendea autoz ihes egiten ari da. Gure presidenteak [Volodimir Zelenski], berriz, esaten du lasai egoteko eta etxean gelditzeko. Bere esanetan, negoziazioetan ari dira, eta dena kontrolpean dago, eta gainera, militarrak ere prest dituela dio. Dena itxita dago: eskolak, lantokiak... Bizitza geldituta dago. Eta orain estatu militarra jarri behar dute, eta hortik aurrera, kalean militarrak bakarrik ibiliko dira. Hori beldur handia da. Europan gaude, nahiko herrialde aurreratua gara... Noski, herritarrak urduri daude, umeengatik kezkatzen dira... Jendeak Poloniako muga zeharkatu nahi du, eta normala da.

Zer esan dizute hango lagunek?

Hitz egin dudan laguna negar batean dago. Gainera, lagun baten gurasoak COVIDarekin daude nahiko gaizki, eta egoera honetan... Esaten didate ezin dudala imajinatu ere egin nola sentitzen diren. Esaten didate nahiko luketela nonbaitera ihes egin, baina nora? Gu gure etxean gaude; beraiek sartu dira gure etxera.   

Geopolitikaren indarra agerian gelditu da, eta zuek erdi-erdian zaudete, ezta?

Hemengoek agian ez dituzte albiste guztiak guk bezala ikusten. Errusiako presidenteak, Putinek, asko hitz egin du azken egunetan, eta ematen du Ukraina ez dela existitzen, Ukraina Leninek asmatu zuela. Halako gauzak botatzen ditu, eta hortaz, arazoa zein da? Hainbesteko nazka ematen dizu gure historiak, gure kulturak... edo ez duzu nahi gu NATOn edo Europako Batasunean sartzea? Gauza eta interes asko dago hor. Ukrainako bi lurralde hartu ditu jada, eta orain portuak ere interesatzen zaizkio. 

2014. urtetik dator gatazka, gainera...

Hori da, zortzi urte daramatzagu honekin, eta uste dut denbora horretan hau guztia planeatzen egon dela Putin, gero, momentu zehatz batean, bere indarra erakusteko. Putini ez zaio inporta jendea, umeak. Ezta Europak eta Estatu Batuek zer esaten duten ere. Gaur goizean ere esan du armak utzi eta etxera joateko, eta agian, ez dela ezer pasatuko. Eta argi esaten du: ez badugu kasurik egiten, beraiek beren lurraldea salbatzen hasiko direla. Esaten du Ukrainako politikariak eta jendea naziak garela, beren jendeak denbora asko daramala sufritzen, eta salbatu egingo dituztela. Benetan, ikaragarria da esaten duena. Gu Ukraina iparraldekoak gara, Kiev ingurukoak. Eta amaren bikote ohiak esan digu errepide nagusian zihoala ikusi zituela ukrainar militar pila Chernobyl aldera joaten, horko muga kontrolatzeko.  

Zergatik?

Bielorriasko presidenteak esaten du beraiek ez direla sartzen gerra horretan, eta eskatzen dutela gerra geratzea, baina zer egiten dute beren militarrek mugan? Gerra gelditzeko daude hor, eta muga pasatu dute gainera...

Hemen, agian ez da ondo ulertzen zein den zortzi urteko gatazka edo gerra horren jatorria. 

Historikoki beti izan ditugu arazoak Errusiarekin. Adibidez, zer gertatu zen Afganistanekin? Zenbat urtez egon ziren errusiarrak herrialde hartan, orduan ere herrialdea salbatzen? Eta zer gertatu zen 1991. urtean? Sobietar Batasuneko herrialde guztiek kontra egin zuten eta hantxe amaitu zen guztia. Protestak hasi zituzten, independentzia eskatzen hasi ziren... Herrialde bakoitza bere bidea egiten hasi zen. Eta Putin jada bazegoen hor. Pixkanaka postuak igotzen hasi zen. Presidentetza lortu zuenean, ikusi genuen zer sentiarazten zigun. Stalinek ere esaten zuen Ukraina ez zela existitzen, ez geneukala gure kulturarik eta hizkuntzarik. Gure hizkuntza erabiltzea ukatzen eta jendea hiltzen aritu dira beti. Beraz, nola izango gara herrialde anaikideak Ukraina eta Errusia? Ez dugu beti Errusiaren menpe bizi nahi. Europako Batasunean nahi dugu bizi, eta gure bizi kalitatea hobea izatea da nahi duguna. 

40 ukrainarretik gora Urola Kostan erroldatuta 


Espainiako Estatistika Institutu Nazionalaren arabera, 2021ean Gipuzkoan 1.491 ukrainar zeuden erroldatuta, horietatik gutxienez 44 lagun Urola Kostan –iturria: Padron.com.es–. Herrika, gehienak Zarautzen bizi dira, 23; Azpeitian hamahiru bizi dira, bost Zumaian, eta hiru Azkoitian. Gehiago izan daitezke, 10.000 biztanletik beherako herrietako daturik ez dutelako eman.