Zumaiarrek erabakiko dute udal aurrekontuaren zati bat zertarako erabili

Maria Maya Manterola 2022ko mar. 1a, 18:00
Alberdi, Gomez, Illarremendi, Aramendi eta Ostolaza. (Maria Maya Manterola)

Datozen bi urteetako udal aurrekontuak osatzeko herritarren ekarpenak bilduko dituzte hilabete honetan. 500.000 euro gorde ditu Zumaiako Udalak horretarako, 250.000 urte bakoitzerako.

"Zer egingo zenuke 500.000 eurorekin?". Galdera horretatik abiatuta, 2023 eta 2024 urteetako udal aurrekontuetan herritarrek proposatutako eta erabakitako proiektuak txertatu nahi ditu Zumaiako Udalak. Gaur egin dute partaidetzazko aurrekontuak aurkezteko prentsaurrekoa Iñaki Ostolaza alkateak, Maider Alberdi Berdintasun, Gazteria, Aniztasun eta Parte hartze zinegotziak, Ainhoa Illarramendi zinegotziak, Karmele Gomez partaidetza teknikariak eta prozesuaren  Nerea Aramendi Aztiker ikerketa taldeko kideak. Udalak ikerketa talde horren laguntza jasoko du prozesuaren dinamizazioan.

Ostolazaren azalpenen arabera, legealdi plana osatzen hasi zirenean aurreikusi zuten partaidetzazko aurrekontuena. Kaleekin, zerbitzuekin edota ekimen zehatzekin lotutako proiektuak gauzatzeko balio dezakeela dio alkateak. Haren hitzetan, herritarrak dira arazoak eta beharrak identifikatzeko aproposenak, eta behin horiek detektatuta, proiektuak garatzea da asmoa. Guztira, 500.000 euro gordeko dituzte horretarako, datozen bi urteetako aurrekontu bakoitzerako 250.000. 

Alberdik nabarmendu du, bestalde, "zumaiarren arteko elkarrizketa sortzea" nahi dutela, "bizitzak hobetzeko proiektuak egiteko". Martxoaren 31ra bitarte izango da proposamenak egiteko aukera, taldeka zein bakarka. Saregile plazan jarriko duten postuan –martxoaren 11 eta 25ean–, postontzietan –udaletxean, kiroldegian, Alondegian, Gizarte Zerbitzuetan edo Oikiako Eskolan edo elkartean– edo online,  partaidetza.zumaia.eus webgunean jasoko dituzte proposamen horiek, baina aurrez aurreko saioak ere egingo dituzte: martxoaren 15ean, auzoen beharrak erantzuteko proposamenak jasoko dituzte; hilaren 24an, herriko eragile eta elkarteekin bilduko dira; eta 29an, oro har herritarren beharrak jasoko dituzte. Hiru saioak Alondegiko Oxford aretoan izango dira, 18:00etan.

Berme taldea, erabakigunea

Pertsona baten proposamena izatetik Zumaia hobetzeko proiektu izatera igaro daitezen, ekarpen horiek bildu, aztertu eta lehenetsi egingo dituzte gero, apirilan hasi eta ekainaren 12a bitarte.  Aramendiren arabera, berme taldea izango da erabakigune nagusia. Zazpi herritarrek, udalean ordezkaritza politikoa duten hiru alderdi politikoetako ordezkari banak eta teknikari batek osatzen dute talde hori, eta prozesuaren etengabeko balorazioa ere egingo du. 

Alberdik gaineratu du udala osatzen duten gainerako taldeekin adostu dutela partaidetzazko aurrekontuak egitea, eta haiekin adostu dituztela irizpideak ere. Besteak beste, zehaztu dute proposatutako proiektu bakoitzaren gehienezko kopurua 125.000 eurokoa izango dela.

Ahalik eta anitzena

Udalaren erronka da ahalik eta zumaiar gehienengana heltzea: "Ahalik eta auzo, elkarte eta herritar gehienengana heldu nahi dugu, eta horregatik, proiektuaren zabalpenari begira ahalegin berezi bat egin dugu". Etxe guztietara eskuorriak banatzeaz gain, prozesua herritarrengana gerturatzeko spot bat plazaratu dute. Gainera, "Zumaiarekiko ardura gaztetatik hartzen joateko", prozesua Haur Kontseiluarekin eta Gaztegunearekin batera uztartuko dute.