Udalak bi igogailu egiteko proposamena aurkeztu die Larretxoko bizilagunei

Maria Maya Manterola 2021ko mai. 6a, 17:00

Ostolaza, bizilagunei azalpenak ematen. (Maria Maya Manterola)

Iñaki Ostolaza alkateak Udal Gobernuak landutako proposamena aurkeztu zien atzo Larretxoko bizilagunei. Proposamen horren arabera, Ardantzabidetik Hotel Flysch eta Haitz Gain-San Telmo II etxeen artera igoko da igogailu bat; Itzurunbidetik goiko plataformara bestea. 

Udal Gobernuak Larretxo kaleko bizilagunekin bilkura izan zuen atzo, asteazkena, Aita Mari aretoan. Oro har, irisgarritasuna izan zuten hizketagai; eta batik bat, igogailuen proiektua. Hain justu, Larretxo auzoko bizilagunei zerbitzua emango dien bi igogailuen proposamenaz aritu zen Iñaki Ostolaza Zumaiako alkatea, eta azalpenak entzun ondoren, beren kezkak adierazteko tartea izan zuten bizilagunek. Guztira, 50 bizilagun inguru bertaratu ziren.

Irisgarritasun Planean arlo ugari aztertu dituzte, baina igogailuaren gaia izan zuen ardatz bilerak. Egin duten azterketaren ondorio da, Ostolazaren arabera, auzoak erabat irisgarria izateko bi igogailuren beharra duela. Ardantzabidetik Hotel Flysch eta Haitz Gain-San Telmo II etxeen artera igoko da bata, auzoaren mendebaldeko bizilagunei zerbitzua emateko; eta Itzurunbidetik goiko plataformara bestea, ekialdeko eta hegoaldeko bizilagunek ere zerbitzua izan dezaten. 

Bi prozesu

Lehenbiziko igogailu horren proiektua eginda dagoela azaldu zuen alkateak; beraz, “proiektua lehenago gauzatzeko aukera handiagoa” denez, martxan jartzeko beharrezko pausoak emango ditu datozen hilabeteotan. Hasteko eta behin, plan berezi bat egin eta behin betikoz onartu behar da –irailerako onartzea aurreikusi dute–; era berean, gerakinetatik diru partida bat obra gauzatzera bideratu –ekaineko edo uztaileko plenoan aztertuko dute gaia–; eta amaitzeko, obra esleitu. Lanak urte honen bukaeran hastea eta 2022an igogailua martxan izatea espero dute, beraz, Udal Gobernuko kideek. 

Bestelakoa da Itzurunbideko igogailuaren proposamena. Proiektua egiteko dagoenez, ideia lehiaketa bat jarriko dute abian. Irailean egingo dute lehiaketarako deialdia, eta urte bukaerarako proiektua aukeratu eta abian izango da. Datorren urteko aurrekontuetan sartu ezin badute, gerakinetatik diru partida jarriko dutela azaldu zuen alkateak, eta 2022ko udazkenean proiektua lizitatu eta esleituko dutela. Igogailu hau, beraz, eman beharreko pausoak eman ondoren, 2023an zehar erabilgarri egongo dela uste dute. Bizilagunek ere izango dute aurrerantzean beren ekarpenak egiteko aukera. 


Ardantzabidetik San Telmo kalera doan igogailuaren simulazioa.

Proposamena garatzerainoko bidea

Proiektua azaldu aurretik, Larretxoko Irisgarritasun Planaz eta norabide horretan auzoan emandako pausoez aritu zen Ostolaza. Alkateak azaldu zuen 2018ko udazkenean bizilagunekin elkartu zela udala, eta ordura arte egindako lanen inguruan aritu zirela. Ordukoa da Flysch Hotelaren eta azkuetarren etxearen artean igogailua egiteko proposamena. Urte horretan bertan erabaki zen Irisgarritasun Plana egitea, eta 2020an jarri zen martxan. 

2019ko ekainean osatu zen gaur egungo Udal Gobernua. “Egoera aztertzeko denbora eman genion geure buruari, eta gero, ikusi genuen San Telmo kaleko igogailuak irtenbide bat ematen ziela Larretxo auzoaren mendebaldean bizi diren bizilagunei, baina ez ziola irtenbide integral bat ematen auzo guztiari, gehien bat, hegoaldean eta ekialdean bizi direnei”, azaldu zuen Ostolazak. Haren hitzetan, horregatik guztiagatik erabaki zuten irisgarritasun azterketa egitea lehenbizi, eta azterketa hori Larretxotik hastea. 2020an, beraz, Udal Gobernuak ez zuen igogailua eraikitzeko diru partidarik sartu aurrekontuetan, baina bai Irisgarritasun Plana egiteko partida. Gero, bilera telematikoa izan zuten bizilagunekin, eta azterketa horren emaitza dira bi igogailu egiteko proposamena, Ostolazaren arabera. 

Bizilagunen ahotik

Orduerdi iraun zuen aurkezpenak, eta beste orduerdi galdera eta erantzunen tarteak. Bizilagunek beren kezkak, zalantzak edota iritziak plazaratzeko baliatu zuten hitzordua. 

Errepikatu zen kezketako bat da Ardantzabidetik San Telmo kalera doan igogailua ez dela goiko plataformaraino iristen, eta metro batzuk gora oinez egin beharko dituztela bizilagunek. Ostolazak azaldu zuen, alde batetik, ez dagoela lekurik goiko plataformaraino helduko den igogailurik egiteko; eta, bestetik, egokitzapen obrak egingo dituztela, eremua berrantolatzeko eta plataformara iristeko. 

Ardantzabide kalea hartu beharrik izan gabe, Ondartxotik San Telmo kalera igoko liratekeen eskilara edo zinta mekanikoak egiteko proposamena ere egin zuten bertaratutakoek. Alkateak azaldu zuen Irisgarritasun Planean jaso dutela inguru horretan zerbait egitea, baina eskilara edo zinta mekanikoak ez direla guztientzat erabilgarriak, gurpildun aulkiak dituzten pertsonentzat, esaterako. “Antzeko plataformak dituzten beste udal batzuekin ere aztertu dugu; Getariakoarekin, adibidez. Gastu handia dute halako plataformek, eta gainera, sarritan hondatzen dira”, gaineratu zuen. 

Oro har, irisgarritasunaz ere aritu ziren bizilagunak. Pertsona elbarrituentzako aparkalekuak gordetzeaz gain, herrigunean zerbitzua emango zuen autobusaren zerbitzua ezartzeko eskaria egin zuten. 

Gorka Arregi Zumaiako Udaleko arkitektoak, bere aldetik, azaldu nahi izan zuen Irisgarritasun Planak leku guztiak irisgarriak izateko xedea duela. Azaldutakoa lau urteko plana izanik, eta herri guztiari eragiten dion aldetik, pausoz pauso garatuko dutela esan zuen: “Lehenbizi, jende gehienari mesede egiten diona garatu behar da”. 

Datozen hilabeteotan, beraz, Ardantzabidetik San Telmo kalera doan igogailua martxan jartzeko beharrezko pausoak emango ditu udalak. Itzurunbideko igogailuaren proiektua, berriz, teknikoekin eta bizilagunekin batera garatuko dute.