Alba Menendez: "Oroitzapen politak dakarzkit Lubakiko jokalekuak"

Maria Maya Manterola 2022ko ots. 9a, 12:50
Alba Menendez Bera Bera taldeko kapitaina eta Iraitz Mugika Pulpoko zuzendaritzako kidea. (Maria Maya Manterola)

Lubaki kiroldegian jokatuko dute asteburuan Super Amara Bera Bera Donostiako taldeak eta Sant Quirzek ligako partida ofiziala. Iraitz Mugika Pulpoko zuzendaritzako kidearen arabera, klubeko txikienentzako "aukera ona" izango da lehen mailako talde bat bertatik bertara ikusteko. Alba Menendez Bera Bera taldeko kapitainari "oroitzapen politak" dakarzkio Lubakik, lagunarteko lehenengo partida bertan jokatu zuelako 17 urterekin. 

Lehenbizikoz, ligako partida ofiziala hartuko du asteburu honetan Lubaki kiroldegiko kantxak. Donostiako Super Amara Bera Bera taldea Sant Quirzeren aurka arituko da larunbatean, hilak 12, 19:00etan hasita. 

Iraitz Mugika Pulpoko zuzendaritzako taldearen hitzetan, "klubarentzat beti da aberasgarria" horrelako partidak ekartzea. Lagunarteko norgehiagoka ugari jokatu da Lubakin: "Bidasoa eta Bera Bera etorri izan dira, baina aurrendeboraldia izaten da, eta lehenengo kontaktua egiten dute beraien artean. Partida hau beste kalitate batekoa izango da, seguru". Gainera, Mugikak uste du klubeko txikienentzako "aukera ona" dela lehen mailako talde bat bertatik bertara ikusteko. 

Indartsu iritsiko da Zumaiako partidara talde donostiarra; denboraldiaren erdia jokatuta, sailkapenaren buruan da. "Faborito ez, baina liga postu horretan amaitzeko aukerekin" direla uste du Alba Menendez Bera Berako kapitainak. Joan den astean Rocasaren aurka jokatutako partidan bi puntu horiek lapurtuta, bide onean doazela uste du. Dena den, Menendezen arabera, "erraztzat jotzen diren partida horiek" gero lan gehienak ematen dituztenak dira. Haren hitzetan, talde batzuen kontra oso erlaxatuta ateratzen dira, baina "hori aldatu egin behar da". Gainera, partida Gipuzkoan da, baina etxetik kanpo, eta jokalarientzat "arraroa" izango dela iruditzen zaio.

Hala eta guztiz, publiko ezberdin baten aurrean jokatzea "motibazio berri bat" izango dela dio Menendezek. "Espero dugu Zumaiako publikoa gure alde egotea", gaineratu du. Bera Berako lehen lagunarteko partida Lubakin jokatu zuen Menendezek 17 urterekin, eta ilusio berezia egiten dio bertara itzultzeak Sant Quirzeren aurkako ligako partida jokatzeko: "Oroitzapen politak dakarzkit jokaleku honek".