Pedro Etxeberria: "Nire helburua izango da bosgarren postua hobetzea Munduko Txapelketan"

Onintza Lete Arrieta 2022ko urt. 22a, 08:00

Aurreko asteburuan X. Txakurkrosa irabazi zuen herrian bertan, baina dagoeneko burua Baqueiran (Katalunia) dauka, bertan Munduko Txapelketan parte hartuko baitu Ray zakurrarekin batera txakurkrosean eta lera modalitatean.

Uda sasoian mendiko lasterketean aritzen da korrika Pedro Etxabe, baina negu partean, lau hankako lagunak izaten ditu aldamenean. Izan ere, txakurkros eta lera modalitateetan ibiltzen da, eta laster Baqueiran (Katalunia) izango du hitzordua, han jokatuko baita Munduko Txapelketa. Hil honen amaieran izango da hori.

Joan den asteburuan Zumaiako X. Txakurkrosean parte hartu zuen Ray zakurrarekin, eta baita irabazi ere gizonezkoetan, "aspaldiko partez". Izan ere, aurreneko hiru edizioetan bera izan zen garailea, baina ordutik txapela jantzi gabe zegoen.

Sari banaketaren ondoren kontatu digu zer helburu duen Munduko Txapelketan. "Lurreko Munduko Txapelketan bosgarren egin nuen, eta hori hobetzea da nire helburua orain".

Urtarrilaren 29an eta 30ean izango da txapelketa, eta hiru zirkuitu egongo dira, modalitateen arabera. Txakurkrosekoak eta bi zakurreko lera txapelketakoak 4,8 kilometro izango ditu; lau zakurreko lera txapelketak 8,2 kilometro; eta sei zakurretik gorako lera txapelketak, berriz, 12,5 kilometro.