Hogei urte klarinetisten sarea ehuntzen

Juan Luis Romatet 2021ko aza. 30a, 10:00

Zumaiako Klarinete Maratoiak hogei urte beteko ditu aurten; abenduaren 8tik 12ra bitartean egingo da hogeigarren edizioa, eta, ohi bezala, klarinete eskolek, laborategiek, ikasleen emanaldiek eta kontzertu bereziek osatuko dute egitaraua.

Iaz, pandemia zela eta, jarduera batzuk online egin zituzten; emanaldi batzuk, berriz, ateak itxita egin behar izan zituzten osasun egoerak hala behartuta. Aurten, halako normaltasun batera itzuli nahian, jarduera guztiak aurrez aurrekoak izango dira; kontzertu guztiak publikoarekin izango direla ere nabarmendu dute antolatzaileek. Horrekin batera, iazko edizioan egin ezin izan ziren beste jarduera batzuk ere berreskuratuko dituzte aurten: instrumentuen erakusketa edota lutheria, esaterako.

Ikastaroak –bakarkakoak zein taldekoak– , ohi bezala, Espainiako Orkestrako kide Carlos Casadó klarinetistak emango ditu. Maratoiaren sorreratik izan da musikari valentziarra Zumaian, edizio bakar batean ere hutsik egin gabe. “Casadóren papera ezinbestekoa izan da Klarinete Maratoiaren historian. Maila honetako musikari bat Zumaian ikastaroak ematen egotea gauza handia da: haurrekin, helduekin, zerbait dakitenekin, profesionalekin, amateurrekin... hori edozeinek ezin dezake egin, eta Casadók urtero egin izan du. Handia da hori!”, dio Marixi Sesmak, Klarinete Maratoiko antolatzaileak.

Kontzertuei ere garrantzi berezia emango diete aurten. “Oinarrietara itzuli nahi dugu eta azken urteotan amaierarako uzten genuen kontzertua lehen egunera mugituko dugu”. Haizezko ensemble baten kontzertua izango da abenduaren 8an, eta Straussen eta Dvoraken obrak joko ditu. Hurrengo egunetan agora bat, Legazpiko musikari gazteen emanaldia edo Klarinete Laukote Lehiaketa egingo dira. Azken egunean, 12an, bi emanaldi izango dira: bukaerako kontzertua eguerdian eta Urval Ensemble eta kolaboratzaileena arratsaldean.

Helburuak beteta

Musika Bandak ia klarinete jotzailerik ez zuen unean sortu zuten Klarinete Maratoia, egoerari buelta emateko eta klarinetearen inguruko ezagutza handitzeko. Urtetik urtera, edizioz edizio, handitzen joan da klarinetista kopurua bai Bandan, baita Musika Eskolan ere. Hasierako helburuak beteta, musika jardunaldi hauekin jarraitzeko erabakia hartu zuten antolatzaileek. Azken urte hauetan Sapere Aude Sinfonietta orkestraren aterpean antolatu da maratoia.

Sesma bera harrituta dago maratoiak hartutako bidearekin: “Hasi ginenean ez genuen pentsatzen hainbeste urte beteko zituenik; organikoki, beharren arabera, joan da hazten. Esan daiteke Klarinete Maratoian aritu diren klarinetisten sarea ere osatu dela”.

Erlazionatuak