18,9 milioi euroko aurrekontu proposamena eramango du udal gobernuak osteguneko bilkurara

Juan Luis Romatet 2021ko aza. 23a, 10:17

IƱaki Ostolaza alkatea, Marina Bidasoro kultur zinegotzia eta Maider Alberdi berdintasun eta partehartze zinegotzia

2022rako udal aurrekontuen proposamena aztertu eta bozkatuko du ostegunean egingo den azaroko ezohiko bilkurak. Aurrekontu hauen berri eman du udal gobernuak.

Azaroko ezohiko bilkura egingo da udaletxean datorren ostegunean, hilaren 25ean, 17:00etan hasita. Datorren urteko udal aurrekontuak izango dituzte zinegotziek aztergaien artean. Udal gobernuak 18.920.000 euroko proposamena eramango du plenora. Kopuru horri, Kirol patronatuari dagozkion 1,3 milioi euroak gehitu behar zaizkio. Zumaiak inoiz izan duen aurrekonturik handiena dela nabarmendu du udal gobernuak. 

Bilkurak onartzen badu, behintzat, Zumaiako Udalak 2021ean baino 3,9 milioi euro gehiago izango ditu 2022an bere funtzionamendurako. Foru Funtsa berreskuratzeak baliatu du igoera hau gauzatzea. Aurrekontuak 3 milioi euroko defizitarekin aurkeztuko direla ere iragarri du gobernuak, eta gerakinarekin estaliko direla; mailegurik eskatzea ez dutela aurreikusten ere azaldu du.

Zumaiako Udalaren egoera ekonomikoa egongorra dela azpimarratu du udal gobernuak. "Arlo ekonomikoaren ikuspegitik orekatuak izatea, zuhurtasun printzipioan oinarrituak eta egingarriak izatea", horiek dira, udal gobernuaren esanetan, aurrekontu proposamen hau egiteko erabilitako irizpideak.

Inbertsioak

Igoera handiena inbertsioen partidan izango dela nabarmendu du udal gobernuak. Izan ere, 5.2 milioi euro bideratu nahi ditu inbertsioetara, aurtengo kontuetan baino bi milioi gehiago. Proposamenaren berri emateko atzo egindako agerraldian azaldu zutenez, komentuaren eraberritzeak eramango du partida honetako kopuru handiena: 1.250.000 euro, hain zuzen. Alde zaharrean kokatutako eraikin honetan kultur topagune bat sortzeko helburua du udalak. Proiektua garatzeko lau edo bost milioi euro beharko direla uste du, eta lehen fase honetarako 1,25 milioi euro bideratuko ditu. Proiektua prest dagoela ere iragarri du udal gobernuak.

Beste 1.176.000 euro kale argiteriaren eta semaforoen energia efizientzia hobetzeko erabiliko dela ere azaldu du udal gobernuak. Horretarako milioi erdi euroko dirulaguntza jaso du IDAE erakundetik. Horrez gain, beste 1,8 milioi euro erabili nahi ditu gobernuak "auzoen egoera eta bestelako azpiegiturak hobetzeko ezohiko" obretan. 

  • San Jose kaleko etxebizitzetan igogailuak jarri ahal izateko berrurbanizazio lanak: 391.000 euro
  • San Telmoko igogailua: 312.000 euro
  • Bonifazio Etxegarai kalearen eta Erribera kalearen arteko plazatxoen ingurua berrurbanizatzea: 300.000 euro
  • Estazio auzoaren berrurbanizazioa: 210.000 euro
  • Aita Mari-Sagarbide eremuko berrurbanizazioa: 140.000 euro
  • Autokarabanen gunea egokitzea: 140.000 euro
  • Zine aretoan eserleku berriak jartzea eta instalazio termikoa egokitzea: 110.000 euro
  • Moilaberriko proiektua: 90.000 euro
  • Estazio auzoan komun publikoak jartzea: 80.000 euro
  • Larretxoko bigarren igogailua egiteko ideia lehiaketa: 90.000 euro
  • Sagarbideko hesiak aldatzea: 69.000 euro
  • Sagarbideko patioa asfaltatzea: 40.000 euro

750.000 euro bideratuko dituzte ohiko obretara (seinalizazioa, TAO pintatzea, hiri altzariak...), eta beste 250.000 euro TAOren seinalizazio bertikal berria antolatzeko, edo udaltzaingorako eta brigadarako auto elektriko bana erosteko, besteak beste.

Gizarte zerbitzuetan igoera

Aurrekontuen proposamen honek %12ko igoera jasotzen du Gizarte zerbitzuen alorrean. Zerbitzu berriak martxan jarriko dituztela iragarri du udal gobernuak, Itsasargia adinekoei zuzendutako eguneko zerbitzua, esaterako. Zerbitzu honek jasaten duen lan kargaz ohartuta, beste administrari bat kontratatzeko pausoak ere emango dituela iragarri du udal gobernuak, "herritarren beharrei ahal den modu egokienean erantzuteko".

Datorren urtean gauzatu nahi dituzten bestelako proiektuak ere jasotzen ditu aurrekontuen proposamen honek: IV. Berdintasun Plana osatzeko parte hartze prozesua (18.000 euro), aurrekontu parte-hartzaileen prozesua (18.000 euro), Zumaiako alokairu eskaintzaren inguruko azterketa (18.000 euro) eta ekintzailetza soziala bultzatzeko eta elkarlan zentroa (25.000 euro). Horiez gain, Hirigintza Antolamendurako Plan Orokorra berritzeko prozesuarekin jarraituko dutela azaldu zuen gobernuak; horretara 126.000 euro bideratuko dituzte aurrekontuak. 

Etxe barruko lanketa ere egin dutela adierazi du gobernuak. "Etxe barruko egoera txukuntzeak igoera ekarri du hainbat arlotan: esleipen asko iraungita zeuden, eta horiek guztiak eguneratzeak gastuen igoera bat ekarri du, adibidez". Pertsonalaren kapituluan igoera handia izango dela ere azaldu du gobernuak.