Milioi erdi euro jasoko du udalak kaleko argiteriaren eta semaforoen energia-eraginkortasuna hobetzeko

Juan Luis Romatet 2021ko aza. 22a, 10:12

Zumaiako argiteriaren efizientzia hobetzeko bigarren fasea indarrean jarriko du Zumaiako Udalak. Horrterako, 1.177.ooo euro erabiliko ditu, eta horren ia erdia IDAEk emandako dirulaguntzarekin ordainduko du. 

Kaleko argiteria instalazioen eraginkortasuna hobetzeko proiektuaren bigarren fasea martxan jarriko du udalak. Aurretik, iazko irailean, horren inguruko proiektu aurkeztu zion IDAEri (Energia Dibertsifikatu eta Aurrezteko Erakundea). Pasa den astean jakin zuen udalak aipatu erakundeak 580.000 euro emango dizkiola proiektu hori gauzatzeko. "Hala, proiektu osoaren lizitazio prezioaren %50a ordaindu ahal izango du dirulaguntza horrekin", azaldu du udalak ohar baten bidez. Lan hauek 2022a amaitu aurretik hasi beharko dituzte.

Fase honetan, 1.503 kale argiren argia aldatuko da, baita 111 semafororen argiak ere. "Instalazio horiek guztietan jarriko diren argi berriak azken belaunaldiko LED teknologiakoak eta eraginkortasun handikoak izango dira, eta driver elektroniko programagarria izango dute, argi-fluxua ordutegiaren eta bide moten arabera egokitu ahal izateko". Aginte taulak ere aldatuko dituztela gaineratu du udalak. "33 hobetuko dira –herrian dauden gainontzeko 13 aginte-taulak lehenengo faseak aldatu ziren–. Gainera, telekudeaketa-sistema bat instalatuko da, eta kableak eta egoera txarrean dauden zutabeak ordezkatuko dira. Azkenik, legeak aginduta, zenbait eremutan argi sistemak aldatuko dira".

Proiektuaren helburua da, udalaren esanetan, herriko energia kontsumoa murrizteaz gain, "energia eraginkortasuna bultzatzea, baita ingurumenari eragindako kalteak gutxitzea ere. Gainera, Zumaiako Udalak energia kontsumoan aurreztuko du, kopuru hori Zumaia hobetzeko bestelako neurrietarako bideratuz". Argiteriaren potentzian jaitsiera nabarmena izango dela azpimarratu du udalak. Energia kontsumoa %75 jaitsiko dela azaldu du udalak. "Gainera, 446,41 tona CO2 gutxiago emitituko dira atmosferara".

Aldaketa horiek guztiek eginda, 4/2019 Jasangarritasun Energetikoaren Legeak ezartzen dituen zenbait betebehar beteta edukiko dituela jakitera eman du udalak. "Eraikinetan, ibilgailuetan eta argi publikoetan ikuspegi hau txertatzeko betebeharra ezartzen du lege honek, eta proiektu hau amaituta, kale argiteriari dagozkion betebeharrak beteta edukiko ditu Zumaiako Udalak".