Zumaiako Udalak gaitzetsi egin du larunbateko erasoa

Mireia Galarza Bastida 2021ko urr. 20a, 14:40
Mugimendu Feministak egindako protesta deialdiaren harira, udalak oharra plazaratu du, eta herritarrei gaurko elkarretaratzean parte hartzeko deia egin die. Mobilizazioa 19:30ean abiatuko da Beheko plazatik.

Zumaiako Udalak erabateko gaitzespen adierazi nahi du Zumaian joan den larunbatean gertatutako sexu erasoaren aurka, eta babes eta elkartasun osoa adierazi nahi die erasotuari eta bere ingurukoei. Udalak dituen informazio eta baliabide guztiak jarri ditu erasotua izandako emakumearen eskura. 

Beste behin ere, argi utzi nahi dugu ez dugula emakumeen aurkako inolako erasorik onartzen. Indarkeria sexistak erasotzaile eta erasotu banakakoak ditu, noski, baina ez dira kasualitate hutsa, ez dira kasu isolatuak; emakumeak indarkeriaz tratatzen dituen sistema baten ondorio dira, indarkeria sexista estrukturala da.

Instituzioen ardura da herritarron giza eskubideak bermatzea eta Zumaiako Udalak lehentasunezko konpromiso politikoa berresten du indarkeria sexistaren adierazpen guztien aurkako borrokan. Halaber, Udalak herritar guztion inplikazioa eskatzen du. Izan ere, gutako bakoitzaren jarrera aktiboa erabakigarria izan daiteke eraso bat saihesteko.

Horrenbestez, Zumaiako Udalak bat egiten du Mugimendu Feministak egindako manifestazio deialdira eta dei egiten die herritar guztiei ekitaldi horretan parte hartzera.

PSE-EE alderdiaren babesa ere bai

Arritxu Marañonek, PSE-EEk Zumaiako Udalean duen bozeramaileak, larunbatean herriko taberna batean emakume batek jasan zuen eraso sexista gaitzetsi du. Gainera, elkartasuna adierazi dio biktimari, babesa eta gertutasuna azaldu ondoren. Are gehiago, bortitz uko egin dio gertatutakoari, eta esan du horrelako ekintza eta jokabide matxistek ez dutela lekurik ez Zumaian, ez beste inon.

Ohar batean, gertatutakoa onartezina dela esan du Marañonek. Biktimak Ertzaintzaren komisarian jarritako salaketaren ondoren, ustezko erasotzailea atxilotzea eta ahalik eta azkarren epailearen esku uztea espero du.

Azkenik, Zumaiako Mugimendu Feministaren jarduera azkarra txalotu du, gaur arratsalderako gaitzespen manifestazio bat deitu duelako. Haren ustez, garrantzitsua da eraso hori publiko egin izana, emakumea errespetatzen ez duten jokabide horiek ez direlako isilarazi behar, ezta txikiagotu ere; aitzitik, horiei aurre egin behar diegu, eta herritarrak kontzientziatu behar ditugu berdintasunean eta balio zibikoetan oinarritutako hezkuntzaren inguruan.