Emakume baten kontrako sexu erasoa salatu du Mugimendu Feministak

Maria Maya Manterola 2021ko urr. 19a, 13:39
Herrian gertatutako sexu eraso bat salatzeko mobilizazioa, ekainean.

Erasoari erantzun irmoa emateko, bihar 19:30ean Beheko plazatik irtengo den protestan parte hartzera deitu dituzte herritarrak. 

Zumaiako Mugimendu Feministak ohar bidez joan den larunbatean gertatutako sexu eraso baten berri eman du. Jakinarazi dute erasoa jasan zuen emakumeak aurrez gizonezko bati ohartarazi ziola inguruko emakumeak ere deseroso sentiarazten ari zela –emakumeengandik gertu jarriz, molestatzen ari zela esaten ziotenei begirada eta jarrera desafiatzailarekin erantzunez, eta kasu batzuetan emakumeen gorputzari buruzko bere iritziak botaz–, eta bakean uzteko eskatu ziola. 

Gizonak "modu intimidatzailean, jarrera oldarkorrez eta inpunitate sentimendu osoarekin" erantzun zuen: "Tabernako iluntasuna aprobetxatuz eta bere galtzak jaitsita zituela, emakumeari galtzak jaitsi eta ukituak egin zizkion taberna erdian". Emakumeak erasoari erantzun, eta zerbait gertatu zela ikusita, tabernako argiak piztu eta erasoatzailea tabernatik kanporatu zuten, eta emakumeak salaketa jarri zuen Ertzaintzan. 

"Pandemia egoeraren aldaketak parrandara itzultzeko aukera eman digu. Ondo pasatzera atera gara, baina azken asteotako jarrerek dagoeneko gogorarazi digute eraso sexistek gure artean jarraitzen dutela: ikutu dizkigute ipurdiak, jaso ditugu begirada lizunak edo inbaditu digute espazioa, berriro", azaldu du Mugimendu Feministak. Gaineratu du denen ardura dela "giro sanoak sortu eta bermatzea": "Hartu dezagun sexismoaren aurkako jarrera irmoa, bakoitzari dagokion lekutik: erasotzailearen laguna bazara, ez izan konplize eta hartu kargu; gizonok, erasoak kanpoan ikusteaz gain, errepasatu eta aztertu zuen jarrerak; eta eraso sexisten aurrean, beldurrarekin bada ere, jokatu dezagun irmo eta zaindu dezagun elkar".

Erasoen aurrean autodefentsa feministaz erantzungo dutela azaldu dute, eta momentuko erantzun fisikoaz gain, elkar babesteko tekniken lanketaren beharra azpimarratu. Erasoari erantzun irmoa emateko, bihar (asteazkena) egingo den manifestazioan parte hartzera gonbidatu dituzte herritarrak. Beheko plazatik irtengo da, 19:30ean.