Ametsa gauzatu da

Juan Luis Romatet 2021ko urr. 1a, 11:38

Ideiak, asmoak, helburuak, ametsak gorpuztu dira: atzo zabaldu zen Zumaiako Emakumeon* Etxea. Urte luzeetako lanaren emaitza ikusteko aukera izan zuten Ardantzabiden, Martxoak 8 plazan, atondutako gunera hurreratu ziren herritarrek. 

Egun handia zen atzokoa. Hainbat emakumeren, bazkideren, eragileren, norbanakoen lanari esker sortutako guneak, Zumaiako Emakumeon* Etxeak, ateak zabaldu zituen. Adin guztietako pertsonak, emakumeak gehienbat, hurreratu ziren etxearen irekiera ekitaldia jarraitzera, eta etxea bera ezagutzera. 

Musikaren berotasunak agurtu zituen plazara hurreratu ziren herritarrak. Saxo doinuak eta bertsoak izan ziren hasteko, baita hitzak ere. Hunkituta hitz egin zuten mikrofonoa eskutan hartu zutenek, baina pozik, nola ez, urte hauek guztietako esfortzuak gauzatu direlako. "Emakume askoren lanaren fruitua" zela nabarmendu zuen Vanessa Arbelaitz Zumaiako Emakumeon* Etxearen presidenteak; emakumeentzako "erreferentziazko gune segurua" izango zela aldarrikatu zuen bere aldetik Maider Alberdi Berdintasun zinegotziak.

Behin etxeko ateak irekita, aktibitatez beteko da. Hainbat jarduera prestatu ditu Zumaiako Emakumeon* Etxeak datozen hiilabetetarako.