Irailaren 30ean irekiko ditu ateak Emakumeen* Etxeak

Maria Maya Manterola 2021ko ira. 22a, 16:46
Karmele Gomez udal teknikaria, Aratz Zearreta Emakumeon* Etxeko dinamizatzailea, Vanessa Arbelaitz Emakumeon* Etxea elkarteko lehendakaria, Maider Alberdi berdintasun zinegotzia eta Maddi Uranga formatzailea (Zumaiako Udala)

Irekiera ekitaldiaz gain, etxea bisitatu eta proiektua hobeto ezagutzeko aukera izango dute zumaiarrek irailaren 30ean 19:00etatik aurrera. Abendura arteko egitarauaren berri ere eman dute.

Zumaiako Emakumeen* Etxeak irailaren 30ean zabalduko ditu ateak. Egun horretan bertan, 19:00etan irekiera ekitaldia egingo dute, eta gero, etxea bisitatu eta proiektua hobeto ezagutzeko aukera izango da. 
 
Atzo aurkeztu zuten, bide batez, abendura bitarteko egitaraua, elkarteko kide, etxeko formatzaile eta udaleko ordezkariek. Vanessa Arbelaitz Emakumeen* Etxeko kidearen hitzetan, ia hiru urteko prozesuari eta jende askoren lanari esker zabalduko ditu ateak etxeak. "Zumaiako emakume guztien topaleku eta aterpe" izatea nahi dute, "sareak sortzeko, elkar entzuteko, batak bestearengandik ikasteko edota ikuspuntu ezberdinak elkarbanatzeko".
 
Helburu horrekin, abendura arteko egitarauaren berri eman zuen Aratz Zearreta dinamizatzaileak. Azaldu zuen adin, beharrizan eta zaletasun ezberdinak dituzten askotariko emakumeei zuzendutakoa bederatzi tailer antolatu dituztela. Gainera, hiru elkargune jarri dituzte martxan: pala taldea, Banan Coffee banandutako amen topagunea eta noka praktikatzeko mintzalagun taldea. Egunotan Zumaiako etxe guztietara bidaliko dituzte egitarau osoa biltzen duten eskuoarriak. Bihar, osteguna, zabalduko dute tailer eta ikastaroetako izen ematea. 
 
Maider Alberdi Berdintasun zinegotziaren hitzetan, eredu publiko-komunitarioa izango da Emakumeon* Etxearena. Azaldu zuen komunitatearen indar eta babesa, eta herritarren lan boluntarioa izango dituela oinarri etxeak, udalaren baliabide ekonomiko eta teknikoen babesarekin. Arbelaitzek gaineratu zuen emakume guztien ekarpena beharko duela etxeak, eta horretarako bideak jarriko dituztela. 

 

UDAZKENEKO EGITARAUA

Jabetze eskola:

Eskolaren helburua da emakumeon* jabetze edo ahalduntze prozesuan eragitea, hainbat tailer eta ikastaroren bidez. Irailaren 23tik aurrera eman ahal izango da izena ikastarotan: Emakumeon* Etxean bertan, e-mail bidez (zumaiakoemakumeonetxea@gmail.com) edo telefonoz deituta (633432762).

– Zuk aukeratzen duzun norabiderantz mugitzeko artea. Formatzailea Oihana Meabe Arrillaga izango da, eta euskaraz eskainiko du formazioa. Urriaren 4tik 25era artean da, astelehenetan, 10:00etatik 13:00etara. Lau saio izango dira, guztira.

– Sormen Tailerra. Maddi Uranga Aizpurua arduratuko da ikastaroaz, eta euskaraz ariko da. Urriaren 6tik azaroaren 24ra bitartean izango dira saioak, asteazkenetan, 18:00etatik 19:30era.

– Batukada feminista. Ainara Sarasketa Alberdik eta Arantza Albizu Escobarrek gidatuko dituzte saioak, euskaraz. Asteartetan egingo dituzte saioak (bi astean behin), urriaren 26tik maiatzaren 10era, 18:00etatik 20:00etara.

– Noka ikastaroa. Amaia Zaldua izango da formatzailea. Urriaren 8tik 29ra bitartera iraungo du ikastaroak. Ostiraletan egingo dituzte saioak, 18:00etatik 19:30etara. Guztira, lau saio izango dira.

– Abdominalak egin arriskurik gabe. Formatzailea Eneritz Gallastegi Lazkano izango da, eta euskaraz eskainiko du formazioa. Urriaren 12tik azaroaren 30era izango dira saioak asteartetan, 10:00etatik 11:00etara. Urriaren 5ean hitzaldia eskainiko du zoru pelbikoaren inguruan ikastaroaren aurrerapen gisa.

– Gorputzaren gogoetak. Arantza Iglesias arduratuko da ikastaroaz, eta euskaraz ariko da. Urriaren 16tik martxoaren 19ra bitartean izango dira saioak, hileko hirugarren larunbateaan, 10:30etatik 13:30etara.

– Autodefentsa feminista. Emaginek eskainiko du, euskaraz. Azaroaren 13an izango da, larunbata, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara.

– Oinarrizko BBB. Maria Calvo Monge izango da formatzailea eta gaztelaniaz arituko da. Urriaren 28an izango da, 18:00etan.

– Gure aluak deskolonizatzen. Maddalen Aristegi Sanchezek eta Ane Narvarte Lasak eskainiko dute. Abenduaren 1ean izango da hitzordua, 18:00etatik 20:00etara.

Elkarguneak:

Talde hauek ikasturte osoan zehar elkartu ohi dira, egutegi eta taldekide iraunkorrekin. Talde horietan parte hartu nahi izanez gero, edo bestelako elkargunerik sortu nahi izatekotan, jarri harremanetan Zumaiako Emakumeon* Etxearekin.

– Banan Coffee. Ama bananduentzako saioak. Ostegunetan (bi astean behin), 19:00etan.

– Pala taldea. Asteartero, 18:00etan, Sagarbideko frontoian.

– Noka Mintzalagun Taldea. Azaroaren 2tik aurrera, asteartero, 18:00etan.

Agenda:

- Emakume migratzaileak transitoan: hego muga, Bidasoa eta haratago. Mahai-ingurua. Parte hartzaileak: Ana Elena Altuna (Ongi Etorri Errefuxiatuak Bizkaia), Anaitze Agirre Larreta (Irungo Harrera Sarea/ EHU Transiteus.eus proiektua), Emakumeen Mundu Martxako kide bat. Urriaren 14an, 18:30ean.

-Como comunicar en casos de violencia sexual contra mujeres. Norma Vazquez Garciaren hitzaldia. Azaroaren 30ean, 18:30ean. Gaztelaniaz.

– Asterisko. Nerea Arriola Urberuagaren bakarrizketa. Abenduaren 9an, 19:00etan. Euskaraz.