XII. Flysch Traila

700 korrikalarik parte hartuko dute igandean 12. Zumaia Flysch Trailean

Juan Luis Romatet 2021ko ira. 30a, 16:53

Maratoiko eta maratoi erdiko distantziatan korritu da, eta biak ala biak Munduko Koparako puntuagarriak izango dira. Bi mendizale omenduko ditu lasterketak: Amaia Aranzabal eta Josu Bereziartua.

Pandemiak eragindako iazko hutsartearen ondoren, bueltan da Zumaia Flysch Trail mendi lasterketa. Igandean korrituko da proba honen hamabigarren edizioa, bi distantziatan banatuta: maratoia eta maratoi erdia. 700 korrikalari inguruk eman dute izena, eta ibilbidearen zailtasunari bakarrik ez, iragarpenak betetzen badira, behintzat, eguraldi txarrari ere aurre egin beharko diote kirolariek.

Igandean korrituko den edizioaren nondik norakoak azaldu dituzte gaur eguerdian egindako ekitaldian. “Erantzukizuna” hitza aipatu zuen behin eta berriz traileko antolaketa taldeko buru den Bosco Garitanok iazko edizioa bertan behera uzteko arrazoi bezala. “Erantzukizuna kirolariekiko, baita babesle eta boluntarioekiko ere”. Izurriteak behartutako atsedenaldian bulego lanak egin dituzte, eta hala, lasterketa indarberrituta itzuli da hamabigarren edizioan.

Bi distantziatan korrituko da lasterketa: maratoian arituko diren korrikalariek 42,8 kilometroko bidea egin beharko dute, eta goizeko 7:30ean abiatuko dira Eusebio Gurrutxaga plazatik; 2.916 metroko desnibel positibo izango du lasterketa honek. Maratoi erdiko korrikalariek, aldiz, 22,2 kilometroko bidea izango dute aurrean, eta hauek 8:30ean aterako dira, Gurrutxaga plazatik baita ere. Kasu honetan, desnibel positiboa 850 metrokoa izango da.

Maratoiko probaren zati handi bat Andutz mendian egingo da. Bosco Garitanoren esanetan, oso zirkuitu teknikoa da, eta beldur da igandera iragarrita dagoen euri zaparradek ez duten oraindik eta gehiago zailduko.

Biak ala biak, maratoia eta maratoi erdia, Munduko Koparako puntuagarriak izango direla iragarri du Garitanok. Lehenak, proba luzeak, WMRA erakundeak antolatzen duen Long Mountain Koparako puntuak emango ditu; maratoi erdia, berriz, erakunde berak antolatutako Classic Mountain Koparako puntuagarria izango da. Horri esker, Garitanoren esanetan, mundu mailako korrikalari esanguratsuak izango dira igandean Zumaiako plaza honetan. Zentzu horretan, kalitatea bermatuta dagoela nabarmendu zuen.

Guztira, 700 bat korrikalarik hartu dute parte: 120 maratoian, eta gainontzekoak maratoi erdian. Ez dira, ordea, denak batera aterako: COVID-19aren ondorioz hartutako segurtasun eta osasun neurriek hala behartuta, ehuneko multzotan aterako dira

Zumaia Flysch Trailaren aurreko edizioetan egin bezala, hamabigarren lasterketa honek ere tartea egingo die omenaldiei. Bi izango dira omenduko dituzten mendizaleak: Amaia Aranzabal, 1992ko irailean Cho Oyu tontorra zapaldu zuen mendizalea –8.000 metrotik gorako mendi bat igo zuen lehen emakume euskalduna  izan zen–, eta Josu Bereziartua mendizale azpeitiarra, 8.000 metrotik gora zazpi tontor igo dituena. Aurreko urteetan ez bezala –omenaldia lasterketaren irteeran egiten zen–, ikusita aurtengoa oso goiz ateratzen dela, ekitaldia eguerdian egingo da, 13:00etan, Gurrutxaga plazan bertan.

Emakumeen parte hartzea

Mendi lasterketan emakumeen parte hartzea sustatu nahian, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kirol Saila eta Flysch Trail elkarlanean hasi ziren orain hiru urte. Horretarako, entrenamenduen plangintza bat prestatu zuten, eta saio hauetatik kopuru jakin bat egiten zutenek lasterketan parte hartzeko txartela lortuko zuten. Proposamenak arrakasta izan du, eta hiru urteko epean emakumeen parte-hartzea hogei puntu igo da, %15etik %35era. Helburua, baina, parekotasuna lortzea dela azaldu du aldundiko kirol zuzendari Goizane Alvarezek. Zumaiako lasterketan izandako izandako esperientzia positiboak animatuta, plangintza hau beste kirol batzuetara ere zabaldu dutela gaineratu zuen Alvarezek.

Lasterketaren arrakasta balioetsi zuen Iñaki Ostolaza alkateak. “Lasterketa oso erakargarria da, eta jakin badakit maratoi erdiko lasterketan herritar askok parte hartuko duela. Horrek erakusketan du probak zer harrera ona duen. Amateur mailan aritzen garenontzako proba hau egotea oso garrantzitsua da”, nabarmendu du.

Hondakinen inguruko hiru hitzaldi

Zaindu ingurumena da aurtengo trailaren leloa, eta horri lotuta, Flysch Kulturala izaneko zikloaren barruan, hiru hitzaldi antolatu dira. Hirurek ere hondakinak dituzte hizpide. Lehena gaur bertan izango da, eta Zaborrak itsasoan izan zuen gaia; EHUko irakasle Cristina Peña izan zen hizlari.

Bihar izango da bigarren hitzaldia, Zaborrak espazioan izenburupean. Antonio Jimenez eta Roke Cepeda astrofisikoak izango dira hizlariak. Jimenezek atzoko aurkezpen ekitaldian azaldu zuenez, «arazo larria» dago espazioan. «Satelite asko bidali dira, batzuk beharrezkoak, eta hondakin metaliko asko ari da pilatzen. Dentsitatea hain handia da, arazoak sortu daitezkeela, bai sateliteen artean talka egiteko, baita satelite berrientzako lekurik ez egoteko».

Larunbatean, berriz, Zaborrak goi mendiko kanpamenduetan hitzaldia emango dute Sebastian Alvarok, Juanjo San Sebastianek, Juanito Oiarzabalek, Josu Bereziartuak eta Amaia Aranzabalek. Mendi tontorretan pilatutako hondakinen aurrean, egoera aldatzea «gure esku» dagoela azaldu zuen San Sebastianek, eta horretarako beharrezkoa ikusi zuen ohiturak aldatzea.

Hitzaldiak Zumaiena Ikastetxeko aretoan egingo dira, 19:00etatik aurrera.