XII. Flysch Traila

Auzune batzuetako trafikoan eragozpenak sortuko ditu trailak goizeko orduetan

Baleike 2021ko ira. 30a, 16:59

Datorren igandean, urriaren 3an, korrituko da hamabigarren Zumaia Flysch Trail mendi lasterketa. Horren harira, ohar batzuk plazaratu ditu Zumaiako Udalak, gehienbat trafikoari lotutakoak.

08:30etik 9:00etara bitartean Ardantzabideko bizilagunei ibilgailuak ez mugitzeko eskaera. Aurten, pandemia dela-eta, korrikalariak txandaka aterako dira, eta ondorioz, denbora-tarte gehiagoz hartuko dute errepidea. Irteera horiek Ardantzabideko trafikoan eragina izango dute 8:30etik 9:00etarako tartean.

09:30etik 14:45 bitartean Larretxo inguruko bizilagunei ibilgailuak ez mugitzeko eskaera. Maratoiaren amaierako zatiak trafikoan eragina izango du inguru guzti horretan. Trafikoa ez da guztiz itxiko, baina ibilgailuan doazenek lasterketak eskatzen duen denbora itxaron beharko dute pasatzeko.

Bestalde, aurten, proba ohi baino goizago hasiko denez, zarata lehenago hasiko dela jakinarazi nahi du Udalak. Antolatzaileak goizeko 06:00etatik aurrera ariko dira muntaketa lanetan. Gainera, lasterketako antolatzaileek megafoniako bolumena kontrolatuko badute ere, probaren hasieran (07:30 inguruan) Eusebio Gurrutxaga inguruan zarata sortuko da.