Zumaiarren doinuak

Kepa Aizpuruaren doinuak

Erredakzioa 2021ko abu. 18a, 09:00

Baleike.eus-ek atal berria du martxan. Asteazkenero zumaiar batek aukeratutako bost abesti jasoko ditugu, eta Kepa Aizpuruaren txanda da orain. Kabi tabernako jabeak haren bizitzan nolabaiteko esanahia izan duten bost abesti hautatu ditu. 

1. Jeff Buckey – Hallelujah

Posible da Hallelujah munduko kantarik politena izatea, eta Leonard Cohenen baimenarekin, bertsio hau da gehien entzuten dudana. 19 urte daramatzat Kabin. Astean behin entzunez gero, 988 aldiz entzun da guztira. Nire ustez, milatik gora ere izango dira, eta oraindik ere emozionatzen jarraitzen dit. 

2. Enrique Morente eta Lagartija Nick – Manhattan

25 urte pasa badira ere, ezin ahaztu Omega mitiko hark (hau bai mitikoa) erabat markatu ninduela. Orduko nire pasio guztiak uztartzen zituen modu magistralean: flamenkoa, rocka eta Leonard Cohen. Obsesio ere bihurtu zen bolada batean. Gaur egun, tarteka itzultzen naiz, eta oker ez nenbilela iruditzen zait. Kanta guztiak ziren bikainak, First we take Manhattan hau lekuko. 

3. Itoiz – Inoiz

Gure nerabe garaiko rock klasikoek sortzen ziguten zirrara eztanda hortan murgilduta: The Doors, The Smiths, Pink Floyd eta abar luze bat. Euskarazko muska ere modernitzatzen ari zela ikusita, asko pozten ginen. Mikel Laboaren jarraitzaile sutsuak bihurtu ginen, baina Itoiz zen gure taldea. Sortu zituzten kanta eder ugariren artean hain ezaguna ez den Inoiz kanta fin hau aukeratu dut. 

4. Radiohead – Jigsaw falling into place

Ezin ahaztu nire talderik gustukoena. Zailena kantu bakar bat aukeratzea da: Thom Yorkeren magia, bere diskografiako altxor ugari eta estilo desberdinekoak. Melodia intimoak, erritmo aldaketak eta beti ere soinu kalitate paregabean, In rainbows diskoko abesti eder honetan bezalaxe.

5. Nick Cave & The Bad Seeds – Bright horses

Zenbat aldiz tabena ixten bere ahots sakon eta dotorearen babesean. Ezagutzen nautenek ondo dakite Nick Cave-enganako nire debozioaz azken aldian. Nahiz eta adinean aurrera joan, sasoi bizian mantentzen da, gainera. Bere semearen heriotzaren ondoren ateratako Ghosteen hunkigarria horren adierazle. Bere kanta lasai eta goxo hauetako batean gelditu nahiko nuke bizitzen. Bright horses

Eta hauexek gaur hautatutako bost kantak. Datorren astean galdetuz gero, beste bost izango lirateke. Ondo izan!