Indarrean sartu da apustu aretoen eta etxebizitza turistikoen lizentzia berriak eteteko moratoria

Dorleta Agiriano Lai 2021ko uzt. 9a, 15:00

Urtebeteko iraupena izango du moratoriak; bitarte horretan, Zumaian ezingo da etxebizitza turistiko edo apustu etxe berririk jarri martxan. Bi jarduera horiek erregulatzeko arau subsidiarioak zehaztu nahi ditu udalak.

Udalbatzak ekaineko ohiko osoko bilkuran onetsi zuen, urtebetez, herrian etxebizitza turistiko berriak martxan jartzeko edo apustu aretoak irekitzeko lizentziak bertan behera uztea. Moratoria hori indarrean dago jada, eta aurreikusi modura, urtebeteko iraupena izango du gutxienez.

Udal gobernuak azaldu duenez, gaur egun, "udal arau subsidiarioetan ez dago etxebizitza turistikoekin lotutako erregulaziorik, eta berdina gertatzen da apustu aretoekin ere". Eusko Jaurlaritzak badu araudi orokor bat martxan, baina udalaren asmoa da bi jarduera horiek zehatzago erregulatzea Zumaian, eta udal arau subsidiarioen bidez egin nahi dituzte zehaztapen horiek. Bitartean, baina, ez dute lizentzia berririk emango.