Udalak apustu etxeen eta etxebizitza turistikoen baimen berriak etengo ditu oraingoz

Dorleta Agiriano Lai 2021ko eka. 25a, 19:00

Bi jarduera horiei buruzko araudia zehaztu arte, udalak ez ditu apustu etxe edo etxebizitza turistiko berri gehiago baimenduko. Legez kanpoko etxebizitza turistikoak isun bidez zigortuko direla gogorarazi dute.

Udalbatzak ekaineko ohiko osoko bilkuran onartu zuen, momentuz, Zumaian apustu etxeak edo etxebizitza turistiko berriak martxan jartzeko lizentziak etetea. Udal gobernuaren esanetan, "gaur egun, udal arau subsidiarioetan ez dago etxebizitza turistikoekin lotutako erregulaziorik, eta berdina gertatzen da apustu aretoekin ere". Hortaz, Eusko Jaurlaritzaren araudi orokorraz gain, Zumaian ez dago araututa zer nolako baldintzak bete behar diren bi jarduera horietara bideratutako lekuetan. Udalbatzak horregatik erabaki du, oraingoz, bi jarduera horiei lotutako lizentzia gehiago ez ematea Zumaian; udal talde politiko guztiek onartu zuten udal gobernuaren proposamena, aho batez.

Etxebizitza turistikoei dagokienez, udalak urtebeteko prozesu bat abiatuko du erabilera hori arautzeko. Udal gobernuaren arabera, tartean dauden "parte desberdinei entzun eta Zumaiarentzat egokiena den araudi propioa osatzea" da asmoa.

Udal gobernuak gogorarazi du, gainera, etxebizitza bat alokairu turistikora bideratu ahal izateko, beharrezkoa dela "Eusko Jaurlaritzak ezarritako baldintzak betetzea eta erregistroan alta emanda egotea". Adierazi du "jakitun" dela "Zumaian, orain arte, legez kanpo alokatzen direla hainbat etxe"; beraz, ohartarazi du isun bidez zigortuko dela "halako jarduerak legez kanpo martxan edukitzea".

Apustu aretoak ere arautzeke

Apustu etxeetako jarduerak "arazo handiak sortzen" dituela ere adierazi du udal gobernuak. "Ezinbestekotzat" jo du aretoei zuzendutako "zenbait arau ezartzea", eta adibide modura aipatu du, "besteak beste, kultur eta hezkuntza ekipamenduetatik gutxieneko urruntzeak" bermatzea. Plenoan onartutako moratoriarekin, dena den, oraingoz ezingo da apustu aretorik ireki Zumaian.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide