Marlik taldeak kontzertua emango du gaur Sagarbiden

Juan Luis Romatet 2021ko uzt. 9a, 11:30
Marlik Azpeitian egindako Rust Fest jaialdian.

Marlik boskote zumaiarrak izango du azkenean Azaletik ezabatu baino lehen diskoa herrian aurkezteko aukera. Taldeak kontzertua emango du gaur Sagarbiden, 20:00etan, Inpernupe elkartean 35. urteurrenaren harira prestatutako egitarauan. Gonbidapenak Inpernupen bertan eskuratu daitezke. 

Maialen Velardek (ahotsa eta gitarra), Beñat Fernandezek (gitarra eta koroak), Oihana Rodriguezek (teklatuak eta koroak), Ales Gorritik (baxua) eta David Gorritik (bateria) osatzen duten taldeak pasa den urte amaieran argitaratu zuten bere bigarren diskoa, Azaletik ezabatu baino lehen izenekoa. Pandemiak eragindako osasun krisialdiak eraginda, baina, diskoa zuzenean aurkeztu ezinik geratu ziren. Durangoko Azokan eman zuten, orduan, aurkezpeneko kontzertu bakarra. 

Agertokira igotzeko gogotsu zegoen taldea, eta uztailean izan dute berriro ere musika instrumentuak entxufatzeko aukera. Pasa den ostiralean, hilaren 2an, Azpeitian egindako Rust Fest jaialdian hartu zuen parte taldeak. Neil Young kanadiarraren omenez ospatutako jaialdia zen, eta haren abestiak jo zituzten gehienbat. Tartean, disko berriro kanta propio batzuk ere jotzeko parada izan zuten. 

Gaur, aspaldiko partez, herrian jotzeko eta disko berria zuzenean aurkezteko aukera izango du Marlikek. Kontzertua Sagarbiden izango da, 20:00etan, Inpernupe elkartearen 35. urteurreneko ekitaldien barruan. Kontzertura sartzeko gonbidapenak Inpernupe tabernan bertan eskuratu daitezke.