Inpernuperen 35. urteurrenaren harira, hainbat ekitaldi izango dira hil honetan

Dorleta Agiriano Lai 2021ko uzt. 2a, 12:00

Hurrengo ostiralean emango diete hasiera ospakizun ekitaldiei, argazki jendetsu batekin eta Marlik taldearen kontzertuarekin. Inpernupen eskura daitezke gonbidapen-txartelak.

Inpernupe elkarteak 35 urte beteko ditu aurten, eta urteurrena ospatzeko, hainbat ekitaldi prestatu dituzte datozen asteetarako. Inpernupe, 35 urtez libre eta zabalik izenpean aurkeztu dute egitaraua, eta hurrengo ostiralerako jarri dute aurreneko hitzordua: taberna aurrean argazki jendetsua aterako dute 19:00etan, herriko tabernen auzia eta ebazpena salatzeko. Espainiako Auzitegi Nazionalak 2014an eman zuen kausa horren ebazpenaren berri, eta Euskal Herriko 107 herriko taberna Espainiako Estatuaren esku geratuko lirateke sententzia hori gauzatzen denean. Inpernupe da horietako bat.

Argazki jendetsua atera ostean, egun berdinean, Marlik taldearen kontzertua izango da Sagarbiden. 20:00etatik aurrera arituko dira Marlikeko kideak.

Uztailaren 14an emango diete jarraipena kultur ekitaldiei, Mikel Albisu Antzaren eskutik. Donostiarrak Arroz urez saiakera argitaratu du aurten; Burgosko Prozesua abiapuntutzat hartuta, ETAren sorrera nahiz amaiera lantzen ditu, eta bere bizipen pertsonaletan oinarritutako zenbait gertakari ere jasotzen ditu. Albisuk, beraz, lan horren inguruan hitz egingo du hilaren 14an; Alondegian izango da aurkezpena, 18:30ean hasita.

Uztailaren 21ean, aldiz, ikuskizuna eskainiko du Ekain Txou pailazo azpeitiarrak. 19:00etan hasiko da saioa, Torreberri gaztetxeko aterpeetan. Horrekin emango diote amaiera 35. urteurrenaren harira prestatutako egitarauari.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, "osasun-egoerak baldintzatutako ekitaldiak izango dira" guztiak, eta "osasuna lehenetsiko" dute. Ekimen guztietarako, beraz, gonbidapen-txartela beharko da. Tiketak Inpernupen egongo dira eskuragarri, aurrez.