Herritarrek erantzun irmoa eman diote larunbateko sexu erasoari

Aritz Mutiozabal 2021ko eka. 18a, 20:45

Herritar ugarik bat egin du gaur arratsalderako Zumaiako Mugimendu Feministak deitutako manifestazio deialdira. Mezua argia izan da: Nahikoa da! Eraso sexistarik ez. Halaxe aldarrikatu dute parkarta bidez, baita oihukatuz ere, herriari itzulia ematerakoan.

Torreberrin eman diote amaiera mobilizazioari, eta bertan mugimendu feministako kideek hitza hartu dute: "Zoritxarrez, beste eraso sexista bat salatzeko elkartu gara gaur hemen berriro ere. Joan den larunbatean bi gizonezkok neska bat erasotu zuten zumaian, gauez etxera bidean zihoala. Atzetik jarraika izan ostean, neska indarrez heldu eta fisikoki eta berbalki erasotu zuten".

Horren aurrean "oso haserre" agertu dira, "ez dugulako etxera bidean atzera begira joan nahi", "gure janzkera gure gorputzekin nahi duzuena egiteko aitzakiatzat hartzen duzuelako" "gure eguneroko beldurrak benetakoak direla gogorarazten digutelako halako gertaerek" eta "azken hiru astean kalera atera behar izan garelako eraso sexistak salatzera". Haserre egoteaz gain, "beldurra eta inpotentzia" ere sentitzen dituztela nabarmendu dute, "erasoa jasan duena gutako edozein emakume izan zitekeelako".

Ororen gainetik, elkar babesten jarraituko dutela adierazi dute mugimendu feministako kideek, "gure beldurrak eta ahultasunak elkarrekin lantzen, indartzen eta autodefentsa feministak eskaintzen dizkigun tresnetan sakontzen".  Bidez batez, azpimarratu nahi izan dute indarkeria matxistak egiturazko izaera duela: "Sistema heteropatriarkalak egunero eraikitzen ditu horretarako mekanismoak. Horregatik, eremuz eremu indarkeria sexistarik gabeko bizitzak eraikitzeko neurri eraginkorrak behar ditugu gaurtik hasita". Horrek gizonezkoen eguneroko jarrera aldatzea suposatzen duela ere zehaztu dute.