Mugimendu Feministak beste sexu eraso baten berri eman eta hura salatzeko mobilizatzera deitu du

Baleike 2021ko eka. 16a, 13:24
Mugimendu Feministak deitutako erasoen aurkako martxa, 2018ko santelmoetan.

Erasoaren aurrean haserrea erakutsi dute, besteak beste, hiru astean bigarren aldiz egingo dutelako sexu eraso bat salatzeko protesta. Ostiralean izango da, 19:00etan Beheko plazatik hasita. 

Zumaiako Mugimendu Feministak beste sexu eraso baten berri eman du. Ohar bidez azaldu dute joan den larunbatean bi gizonezkok etxera bidean zihoan neska bat erasotu zutela Zumaian, eta atzetik jarraitu ondoren, neska indarrez heldu, eta fisikoki eta hitzez erasotu zutela bien artean. 

Mugimendu Feministak bere haserrea erakutsi du erasoaren aurrean: "Ez dugu etxera bidean atzera begira joan nahi. Haserre gaude, gure janzkerak gure gorputzekin nahi duzuena egiteko eta iraintzeko aitzakiatzat hartzen dituzuelako. Haserre, gure eguneroko beldurrak benetakoak direla gogoraratzen digutelako halako gertaerek. Haserre, azken hiru astean bigarren aldiz kalera atera beharko garelako eraso sexistak salatzera. Nahikoa da!"

"Beldurra eta inpotentzia" sentitzen dituztela ere gaineratu dute, "erasoa jasan duena edozein emakume izan zitekeelako". Autodefentsa feministak eskaintzen dituen tresnetan sakontzeaz gain, elkar babesten, elkar indartzen eta beldurrak eta ahultasunak elkarrekin lantzen jarraituko dutela azaldu dute: "Otzan nahi gaituzte, baina elkartuta aurkituko gaituzte". 

Berriro ere, indarkeria sexistaren egiturazko izaera nabarmendu nahi izan dute. Beren hitzetan, sistema heteropatriarkalak egunero eraikitzen ditu indakeria sexista mantentzeko mekanismoak. Horri erantzuteko, eremuz eremu indarkeria sexistarik gabeko bizitzak eraikitzeko neurri eraginkorrak beharrezkotzat jo dituzte; horretarako, norberak bere jarrerak aztertu eta aldatzen hasiz. "Izan ere, indakeria sexistaren adierazpen ikusgarrienak erailketak eta sexu erasoak badira ere, eguneroko jarrerek, eta gizonek egunero baliatzen duten botereak mantentzen du bizirik emakumeok* indarkeria jasatea ahalbideratzen duen sistema", gehitu dute. 

Mobilizazioa, ostiralean

Erasoa salatzeko mobilizazioa deitu du Mugimendu Feministak. Ostiralean izango da protesta, 19:00etan, Beheko plazatik hasita.