Zumaiako Udalak erabat gaitzetsi du sexu erasoa

Aritz Mutiozabal 2021ko eka. 16a, 18:50

Udal adierazpena egin dute herrian gertatutako eraso matxistaren aurka, eta ostiralerako Bilgune Feministak deitu duen mobilizazioarekin bat eginez.

Zumaiako Udalak erabat gaitzespena egin du larunbatean gertatutako sexu erasoaren aurrean, eta babesa eta elkartasun osoa azaldu die erasoa jasan duen emakumeari eta bere ingurukoei.  Era berean, bere esku dauden eta beharrezko zaizkion baliabide guztiak jarriko ditu erasotuaren eskura. 

Izan ere, argi utzi du ez duela «emakumeen aurkako inolako erasorik» onartzen: «Indarkeria sexistak erasotzaile eta erasotu banakakoak ditu, noski, baina ez dira kasualitate hutsa, ez dira kasu isolatuak; emakumeak indarkeriaz tratatzen dituen sistema baten ondorio dira, indarkeria sexista estrukturala da».

Herritarren giza eskubideak bermatzea instituzioen ardura izanik, Zumaiako Udalak «lehentasunezko konpromiso politikoa» berresten du indarkeria sexistaren adierazpen guztien aurkako borrokan. Halaber, herritarren inplikazioa eskatzen du, «bakoitzaren jarrera aktiboa erabakigarria» izan daitekeelako eraso bat saihesteko orduan.

Hala, udalak bat egin du erasoa salatzeko Mugimendu Feministak ostiralerako deitutako manifestaziorekin, eta dei egiten die herritar guztiei bertan parte hartzera. Mobilizazioa 19:00etan hasiko da, Beheko plazatik abiatuta.