Nazien kontzentrazio esparruetara deportatutako Tomas Zubizarreta omendu dute gaur

Dorleta Agiriano Lai 2021ko eka. 12a, 18:30

II. Mundu Gerran nazien kontzentrazio esparruetara deportatu zituzten 80 gipuzkoar omendu ditu gaur Aldundiak. Horietako bat da Tomas Zubizarreta Lazkano zumaiarra.

Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatuta, gaur, ekainaren 12a, omenaldia egin diete III. Reicheko kontzentrazio esparruetara deportatu zituzten 80 gipuzkoarri. Tartean da zumaiar bat: Tomas Zubizarreta Lazkano (Zumaia, 1907). Donostian izan da ekitaldia, Aldundiaren jauregiko ohorezko plantan; omendutako pertsonen senideak ere egon dira han. "Gaurko ekitaldi instituzionalarekin, Gipuzkoako Foru Aldundiak bere alea jarri nahi du isiltasun hori hausteko eta Gipuzkoako deportatuen memoria aldarrikatzeko", adierazi du Markel Olano Gipuzkoako Ahaldun Nagusiak.

Argitu dutenez, gipuzkoarrak "bi txandatan iritsi ziren kontzentrazio esparruetara" II. Mundu Gerran. Lehenengo, deportatuak "mendebaldeko frontean preso erori ziren soldaduak izan ziren" gehienbat, eta ekitaldian gogorarazi dutenez, "gerrako preso izatetik preso politiko izatera pasatu ziren" kontzentrazio esparruetan. "Gerra aurreratuago zegoenean", ordea, nagusiki "Frantzia okupatuan atxilotutakoak" izan ziren deportatu gipuzkoarrak, eta "erresistentzia ekintzetan parte hartzeagatik" atxiki zituzten batez ere. Olanoren arabera, "36ko gerratik sortutako erregimen espainiarra" bi faseetan egon zen jakinaren gainean, "baina ez zuen ezer egin horiek saihesteko".

Deportatutako gipuzkoarrek "totalitarismoaren astindua" jasan zutela eta "gure gizartetik bizikidetza eta demokrazia desagerrarazten saiatzen zirenak" "aurrean" izan zituztela azpimarratu du Olanok. "Deportatutako pertsona askok ideal demokratikoen aldeko borrokan dena eman" zutela ohartarazi dute gaurko ekitaldian; "bai 1936ko Espainiako kolpea geldiarazteko gerran, bai nazien aurka mendebaldeko frontean edo, geroago, erresistentzia sareetan". Gainera, testuinguru horrek guztiak "deportatuetako askoren heriotza eragin" zuela ekarri du gogora Olanok.

Omenaldian, beraz, "memoria historikoa" aldarrikatu dute, bai eta "azken hamarkadetan hainbat talde memorialista egiten ari diren isilpeko lana" aitortu ere. Besteak beste, La Ilusion eta Mauthauseneko Amical taldeak aipatu dituzte. Deportatuen senideek izandako "ausardia eta determinazioa" ere nabarmendu ditu Ahaldun Nagusiak. Bestalde, memoria historikoari dagokionez "Gipuzkoan egiten ari den lanari" azpimarra egin nahi izan diote gaurkoan, eta horren adibidetzat jarri dute Aldundiak "frankismoaren biktimei" eskainitako Urrezko Plaka.

Erlazionatuak

Bidean ahaztuak

Imanol Azkue Ibarbia 2021 mar 02 Zumaia