Orduan bai

Bidean ahaztuak

Imanol Azkue Ibarbia 2021ko mar. 2a, 09:26
Tomasen fitxa erakusketan.

Lagunak bazekien zenbateraino interesatuko zitzaidan, eta whatsappez bidali zidan mezua, argazki eta guzti: “Kontzentrazio esparruetara deportatutako bidasotarren erakusketa batean zumaiar bat ere ageri da...”. Argazkian, gizonezko bat, Tomas Zubizarreta Lazkano. 

Etxean, begiratu dut Zumaiako Udalak ateratako Zumaia 1936-1945 liburuan, eta ez dut aurkitu haren izenik; bai, ordea, bi anai-arrebarena, Jose eta Rafaela, biak ere errepresaliatuak: Jose tren geltokiko langilea zen, eta lanpostua galdu zuen; Rafaelak, berriz, alde egin zuen frankistak herrian sartu baino lehen, ez zen itzuli 1937ko apirilaren 2ra arte, eta frankistek “procedente del campo rojo” etiketa jarri zioten.

Kepa Ordoki elkartea

Eskertu diot lagunari mezua, eta eman dit informazio gehiago lortzeko bidea. “Kepa Ordoki Memoria Historikoa Bidasoan” erakusketan ageri da Tomasen fitxa.

Elkartearen webguneko testuan, berriz, informazio gehiago dator: Asturiasko 1934ko urriko gertakarien ondorioz iheslariei Frantziarako bidean laguntzeko, Irungo Alderdi Komunistak azpiegitura zeukan, eta Tomas Zubizarreta zen azken kate begia haiek mendiz Iparraldera eramateko; eta Frantziako erresistentziarekin aritu ondoren, atxilotu eta 1944ko maiatzaren 21ean Compiegneko (Frantzia) presondegira eraman zuten.

Fitxan aitatzen da, baita ere, Orosia Ordokiren bikotekidea zela Tomas, eta beste artikulu baten bidez jakin dut Kepa Ordokiren arreba zela Orosia. Keparen bizitza nahikoa ezaguna da: Irunen jaioa; lanbidez, igeltseroa; ANV/EAEko militantea; 1936ko Gerran Gipuzkoan, Bizkaian eta Kantabrian ibilia, kapitain gradura ere iritsia; heriotza zigorrera kondenatua eta El Duesoko kartzelatik ihes egina; Frantziara erbesteratua; Gursen preso egona, eta handik ere ihesi joana; Erresistentziarekin ibilia; Gernika Batailoiaren buru alemaniarren aurka aritua… Orosiari buruz jakin dudana laburragoa da: Nazioarteko Sorospen Gorriko[1] buru izan zen eta Palma Mallorcakoan preso eduki zuten, bitan fusilatzen zutelako itxura egin zioten, tiro eta guzti, baina balarik gabe, eta gero Ondarretako eta Saturrarango presondegietara ekarri zuten; zazpi urte egin zituen preso.

Harremanetan jarri naiz Kepa Ordoki Elkartekoekin, eta material osagarri gehiago bidali didate, epaitegietako agiri batzuk: Orosia Ordokiren amaren aurkako sumarioa, Tomas Zubizarretaren aurkako akusazioa… Luisa Vázquez Zugasti zen Kepa eta Orosiaren ama, eta haren aurkako sumarioan alaba eta suhia aitatzen dira,: “una de las cuales [Orosia], ausente en ignorado paradero, fue presidenta del Socorro Rojo y amante de uno de los mayores asesinos de la ciudad fronteriza, el cual vivía en casa de esta procesada durante el dominio rojo, se distinguió durante el mismo levantando el puño y por sus provocaciones marxistas”[2]. Beste agiri batean, Irungo alkateak Tomasen gaineko informazioa ematen dio fiskalari, eta zehazki: “actuaron en la ronda encargada de la detención de las personas de derecha (…). En cuanto a los asesinatos cometidos sabemos que Zubizarreta intervino en la muerte de una persona desconocida, perpetrada en el Cementerio de esta ciudad”[3]. Beste agiri batean, Irungo poliziarenean, Tomasen izena azaltzen da; Uranzu kalean bizi omen zen, eta hilda azaldu zen pertsona haren atxiloketan parte hartu omen zuen: “fue uno de los que procedieron a la detención de dicho Señor, no habiéndose podido comprobar si el citado Tomas realizó el asesinato, aunque es creencia que fue uno de los que intervino en el mismo, actualmente se ignora su paradero ya que unas personas manifiestan que se encuentra en Francia y otras dicen que se suicidó a la entrada del Puerto de Pasajes”[4].

Zumaian

Zirikatzea bezalakorik ez dago, eta hasi naiz inguruan galdezka eta Interneten begira, eta laster lortu dut informazio gehiago Tomasen gainean. Horrela, 1934ko hautesle erroldaren bidez[5], jakin dut Zubizarreta Lazkano familia Kale Nagusian (garai hartan Ignacio Zuloaga) bizi zela, 8 zenbakian (Antonenekoa izeneko etxean); aitarekin (Jose Agustin Zubizarreta Artetxe), bi anaia ageri dira: Jose, 29 urtekoa, enplegatua; eta Tomas, 25 urtekoa, arotza. Rafaela arreba, berriz, 23 urtekoa, beste helbide batean ageri da erroldan, Etxezarreta kaleko 15ean. Gero jakin dut Hotel Urangako seme batekin ezkondu zela.

Antonenekoa etxea, Kale Nagusia 8an.

Interneten

Interneten hari batzuk aurkitu eta bati heldu diot. 1940ko irailaren 17an, “Tribunal de Responsabilidades Políticas de Navarra” izenekoak sententzia atera zuen: Tomas Zubizarreta, obra kontratista eta Irungo bizilaguna, ondasun guztiak galtzera eta 15 urterako Afrikan erbesteratzera kondenatu zuen. Arrazoiak hauek: Irungo Alderdi Komunistako afiliatua eta sortzailea izatea, Nazioarteko Sorospen Gorriko kide izatea, Mugimendu Nazionalaren aurka nabarmen agertzea jendearen aurrean pistolarekin, Mugimendu Nazionalarekin bat egiten zuten pertsonak atxilotzea eta haiek juzgatzeko Herri Epaitegian parte hartzea, Euzkadi Roja egunkaria saltzea, armada nazionalak iritsi behar zuenean Frantziara alde egitea eta atzerrian bi hilabete baino gehiago egotea.

Internetek Tomasen beste anaia baten berri eman dit: Hilario. Ez da azaltzen 1934ko erroldan gazteegia zelako artean bozkatzeko, 1917an jaioa, baina badago zer kontatua haren bizitzaren gainean: lanbidez doitzailea (ajustadorea) zen, eta sarjentu ibili zen Gernika Batailoian (Kepa Ordokirekin batera), erbesteko Eusko Jaurlaritzaren ekimenez 1944an sortu zen taldean, aliatuen alde Frantzian borrokatzen; gero, Euzko Gudarosteko beste gudari batzuekin batera, entrenamendu militarra jaso zuen Parisen kanpoaldean, eta Nafarroako mugako zenbait ekintzatan hartu zuen parte, taldea desegin zen arte; Ainhoan eta Bidarten bizi izan zen, gero Donibane Lohizunen, eta arma fabrika batean aritu zen lanean, erretiroa hartu arte; EAJ/PNVko militantea zen, eta alderdirako lan ugari (batzuk isilpekoak) egin zituen; 1974an, Gernikan Aberri Eguna zela eta, Leizaola lehendakariari lagundu zion klandestinitatean hara joaten beste gudari ohi batzuekin, eta politikan aritu zen Ipar Euskal Herrian, hil zen arte, 1997an.

Jesus Maria Leizaola, Iñaki Anasagasti eta Hilario Zubizarreta elkarrekin, Lizardiren omenaldi batean (argazkia: Deia egunkaria).

Beste hari bat ere aurkitu dut Interneten, oso emankorra, Euskal Memoriala webgunean; izan ere, kontzentrazio esparruetara deportaturiko euskaldunak zirela eta, datu gehiago ageri dira Tomas Zubizarretaren bizitzaz. Lau anai-arrebatatik bigarrena zen eta Gerra Zibilean alde egin behar izan zuen; ideologia komunistakoa zen, eta mitinak ere eman zituen Espainiatik kanpo. Hogei urte zeuzkanean jaioterria utzi zuen, preso egon zen Frantzian eta ezer gutxi dakigu orduan gertatutakoaz, salbu eta Bergen-Belsenen (Alemania) kontzentrazio esparruan hil zela 1945ean. Frantziako dokumentazioaren arabera, lanbidez arotza zen, eta Donostian komisario politiko aritu zen, Altxamendua gertatu zenean; 1938an, Ipar Euskal Herrira alde egin zuen; han, Bokalen (Lapurdin), bizileku zuen etxean, bonba batzuk lehertu ziren ustekabean eta Tomasi egotzi zioten errua. Hilario anaiarekin oso tarteka izan zuen harremana gutunen bidez, biak Ipar Euskal Herrian egonagatik. II. Mundu Gerra amaitutakoan, Hilario ahalegindu zen anaiaren arrastoren bat aurkitzen, baina ez zuen ezer ere jakin. Hori guztia eta gehiago azaltzen du elkarrizketa batean Arritxu Uranga Zubizarretak, Tomasen ilobak, eta akordarazi nola zegoen familia, sakabanatuta: anaia zaharrena, Jose, Pasaian; beste bi anaiak erbesteratuta; eta arreba, Rafaela (Arritxuren ama), Zumaian; Gerra ondorena gogorra izan zen hemen, mugaz beste aldean ere II. Mundu Gerra lehertu zen, komunikazioa ez zen batere erraza… Arritxuk ezer gutxi zekien osabaz, desagertu egin zela besterik ez, eta zekien apurra Hilario osabaren bidez jakin zuen, eta esaten omen zion seguru zegoela anaia labe batean sartu eta erre egin zutela, inon ere ez zuelako atera haren arrastorik. Baina bizitzak buelta asko ematen ditu, eta Hilario hil eta urte batzuetara jakin zuten Arritxuk eta familiak osaba Tomasen berri, 2010ean Pilar Pardo ikertzaileak albistea eman zienean: erregistro ofizialen arabera, atxilotu ondoren, 1944ko maiatzaren 21ean Tomas Compiegneko kartzelara eraman zuten, gero Neuengammera (Alemania) deportatu zuten eta handik Fargera, Bergen-Belsenera (Alemania), eta han hil zen 1945eko otsailaren 10ean.

Interneteko beste lotura batek ETB2ko programa batera eraman nau. Klaudio Landa aurkezle, Arritxu Uranga eraman zuten programara 2015eko urtarrilaren 27an. Arritxuk osabaren gutunak eraman eta erakutsi zituen, Hilario anaiari idatzitakoak, eta beste zenbait kontuz ere aritu zen: isiltasun behartuaz, historia eta istorio batzuen inguruko iluntasuna, alde egindako batzuen arrasto galdua eta ezabatua… Beste bideo batean ere aurkitu dut Arritxu hizketan, EDE Centro del Conocimientoren gunean, osabaren gaineko azalpenak ematen, eta Tomasen argazki bat ere ikusi dut.

Tomas Zubizarreta Lazkano

Tomas Zubizarreta Lazkano

Noticias de Gipuzkoa egunkariaren artikulu bat ere topatu dut, ahaztear dagoen memoria berreskuratzearen garrantziaz eta Tomasen kasuaz, berriz ere Arritxu ilobak kontatuta. Bereziki pozgarria izan da Zubizarreta Lazkano familia osoaren argazkia dakarrelako: gurasoak eserita eta seme-alabak zutik, zaharrenetik gazteenera, haien atzealdean.

Zubizarreta Lazkano familia. Erdian zutik, Tomas (argazkia: Noticias de Gipuzkoa).

Begiratu diot arreta handiagoz orain arte ustez Tomasenatzat neukan argazkiari, erakusketako fitxakoari, eta konturatu naiz datuak Hilariorenak direla, izena eta Gernika batailoia ere jartzen duelako, eta pentsatzekoa da argazkia ere harena izango dela.

“CARTE D’ADHÉRENT” edo Gernika Batailoiko kide izatearen egiaztagiria.

Azkenik, Internet bidez beste hari batzuk ere aurkitu ditut. Alde batetik, 1936ko Gerrako Rosa Luxemburgo komunisten batailoiaren gaineko blog batean, han ageri da Tomas Zubizarreta Lazkanoren izena, gudarien zerrendan, baina bestelako xehetasunik gabe. Bestalde, El PCE en los origenes del Franquismo (1939-1945) liburuan, Tomasen izena aitatzen da, 1938ko udaberrian Bokalen (Lapurdi), laguntza ematen, PCE alderdiak ahalegina egin zuenean Espainiatik Frantziara militanteak isilpean eramateko sarea antolatzeko.

Ahaztuak

Lagunaren whatsapp mezutik abiatuta, iraganeko hariei heldu eta saiatu naiz soka txirikordatzen, lehengo pasadizoei tiratzen eta gurera ekartzen. Zer pentsatua eman dit: dagoeneko ahalegin handia eginda dago garai hartako kontuak ezagutzeko eta gordetzeko (hor dago, adibidez, Zumaiako Udalak ateratako Zumaia 1936-1945 liburua, gero eta herrenagoa), baina bistan da ez dela nahikoa, oraindik ere historia eta istorio asko daudelako jasotzeko edo argitzeko, bazterrean eta ahaztuak, eta ezin esan lanak amaituta daudenik; kontu haietako asko ez ditugu ezagutzen eta protagonistak desagertu ahala bazterrean geratzen ari dira, lausotzen, ezkutatzen, eta gu horiek guztiak galtzen. Balioko ahal du idatzi honek Tomasen izena akordarazteko eta haren antzeko beste batzuk argitara ekartzeko.

Loturak edo helbideak:

https://www.noticiasdegipuzkoa.eus/actualidad/sociedad/2013/02/27/memoria/251933.html

[1] Nazioarteko Sorospen Gorria: Internazional Komunistak 1922an eratutako nazioarteko gizarte zerbitzua, Gurutze Gorriaren antzekoa, baina inolako erakunde edo sinesmen erlijiosorekin zerikusirik gabea. 1947an desegin zen.

[2] Kepa Ordoki Elkarteak utzia, 12-016, 1945-01-29an.

[3] Kepa Ordoki Elkarteak utzia, 15-013, 1941-11-03an.

[4] Kepa Ordoki Elkarteak utzia, 15-040, 1943-04-28an. Hemendik hartua: http://pares.mecd.gob.es

[5] Hemen: http://oinati.gipuzkoakultura.net/eu/berriak/201.html

Erlazionatuak

Bidean ahaztuak: Argitaratu ondorengo oharra

Imanol Azkue Ibarbia 2021 mar 02 Zumaia