Aurten ere edukiera kontrolatuko dute Zumaiako hondartzetan

Dorleta Agiriano Lai 2021ko eka. 11a, 15:30

Bideokameren bidez kontrolatuko dute edukiera, eta araututa egongo dira hondartzetako sarrerak eta irteerak. NikHondartzak aplikazioaren bidez jakinaraziko dute, unean-unean, zenbateraino dagoen beteta hondartza bakoitza.

Datorren asteartean, ekainaren 15ean, TAOren udako arautegia sartuko da indarrean, baina ez hori bakarrik: egun horretan emango diote hasiera hondartza denboraldiari ere. Udalaren esanetan, iazko "irizpide nagusiak" mantenduko dituzte Zumaiako hondartzetan. Edukiera, beraz, kontrolatuta egongo da aurten ere, "Gipuzkoako kostako gainontzeko herri gehienetan bezala".

Bideokameren bidez kontrolatuko dituzte hondartzetako eremuak, eta edukiera mugatuta egongo denez, NikHondartzak aplikazioaren bidez zehaztuko dute, unean-unean, zein den hondartza bakoitzeko betetze maila. Aplikazioa martxan dago jada. Bestalde, Amaia plazako semaforoan begiratu ahal izango da zein den Itzurungo egoera zehatza.

Arauak Itzurunen eta Santiagon

Itzurungo nahiz Santiagoko sarrerak eta irteerak araututa egongo dira uda honetan ere; dagoeneko jarrita daude zein bide hartu behar den azaltzen duten seinaleak. Itzurunen "hondartzainek gidatuko dituzte sarrerak eta irteerak", udalak azaldu duenez. Eskuineko aldapatik sartu beharko da hondartzara, eta ezkerreko eskailerak erabili beharko dira irteteko. Eskuineko eskailerak, aldiz, kantinara joateko izango dira.

Aurtengoan ere itxi egingo dute Itzurun marea goian dagoenetan nahiz mareak biziak direnetan. Aurreikusitako itxiera ordua baino ordubete lehenago, hortaz, hondartzan dauden guztiei eskatuko zaie, pixkanaka, handik joateko. Uretako kirol jardueretan aritzeko asmoa dutenak baino ezingo dira hondartzan sartu kasu horietan, baina ezingo dituzte haien gauzak (toallak edo bestelakoak) hondar gainean utzi.

Santiagori dagokionez, sartzeko nahiz ateratzeko balioko du aldapak. Portxutxikiko eskailerak, ordea, irteteko baino ezingo dira erabili. Kantinara eskailera horietatik igotzen direnak, gero, aldapatik joan beharko dira hondartzara bueltatzeko. Dunetatik pasatzeko bideak itxita egongo dira udan, bai eta paduraren eta zuloagatarren etxaldearen arteko bidea ere.

Horretaz gain, hiru gomendio nagusi egin ditu udalak: batetik, pertsonen arteko gutxieneko segurtasun-distantzia mantentzea (1,5 metro); bestetik, musukoa jantzita izatea, bainatzean edo gutxieneko distantzia mantentzean izan ezik; eta azkenik, gehienez bi edo hiru orduko egonaldiak egitea hondartzan.

Sorosleek, bestalde, hondartza denboraldia hastearekin batera ekingo diote lanari, ekainaren 15ean.