Datorren asteartean hasiko da TAOren udako denboraldia

Dorleta Agiriano Lai 2021ko eka. 10a, 15:30

Irailaren 15era bitartean, udako araudia izango da martxan. Ordurako egin beharko dira TAO txartelak berritzeko ordainketak; hurrengo urteko ekainera arte erabili ahal izango dira gero.

Datorren asteartean, ekainaren 15ean, hasiko da Trafiko eta Aparkamenduaren Ordenantzaren (TAO) udako denboraldia, eta irailaren 15era arte egongo da indarrean udako araudia. Aste Santua hastean sartu zen indarrean Zumaiako TAO sistema berria; ordenantza horren arabera, urte osoan erregulatuta dauden eremuez gain, beste hainbat gunetan ere jarriko dute martxan araudia, irailaren 15era arte. 10:00etatik 20:00etara egongo dira araututa errotazio handiko eta ertaineko eremuak, eta ordutegi hori bukatzean, doakoa izango da herri osoan aparkatzea.

Neguko nahiz udaberriko eta udazkeneko sasoietan doan aparkatu daiteke Zumaiako Alaia auzunean (B2), baina udan errotazio handiko gune modura hartuko da, eta modu horretan egongo da araututa. Txomin Agirreko B1 eremuari (Zubitxikitik Moilaberriko zubira, ibaiertza eta Pulpo paretik birabusera) dagokionez, udaberriko eta udazkeneko denboraldietan asteburuetan eta jaiegunetan baino ez da erregulatuko, baina udan egunero funtzionatuko du errotazio handiko gune modura.

Egonaldi ertaineko guneen sistema, bestalde, udan soilik izango da martxan ordenantza berriarekin, eta mota horretako hiru eremu izango dira guztira: Axular ibiltokia, itsas kiroldegia eta Sagarbide-GKN ingurua. Aurreko ordenantzetan ere zehaztu izan den bezala, gune horietan doan aparkatu ahal izango dute zumaiarrek lehen sei orduetan.

Bestalde, aparkatzeko bi doako eremu egongo dira: Torreaga eta kirol portua.

Txartel berriak

Zumaiako bizilagunei zuzendutako eremuetan ibilgailuak utzi ahal izateko, beharrezkoa izango da bertakoen txartela izatea. Udalak maiatzean igorri zituen TAOren txartelak berritzeko agiriak; zumaiarren eta herrian kokatutako enpresen eta gremioen kasuan, datorren astelehena baino lehen egin beharko dituzte aurtengo tarifaren ordainketak; egun horretara arte, orain artekoak erabili ahal izango dira.

Datorren aste hasieran sartuko dira indarrean, beraz, TAOren txartel berriak, eta 2022ko ekainera arte balioko dute. Ordainketak egiteko bi modu daude: banketxeen bidez, edo egoitza elektronikoaren bidez; egoitza elektronikoa eskuragai dago udalaren web-orrian.

Bestalde, irekita dago jada Zumaiako TAO bulegoa; hortaz, etxera bidalitako ordainagirietan akatsak egonez gero, zumaiarrek bulegora jo dezakete akats horiek kudeatzeko. Astelehenetik ostiralera egoten da zabalik, eta bertaratzeko asmoa dutenek hitzordua hartu behar dute aurrez. Horretarako, telefonoz deitu behar da 672 09 87 18 zenbakira, edo mezu bat bidal daiteke zumaia-tao@eysaservicios.com helbide elektronikora.

Hemen TAOren udako denboraldiaren inguruko xehetasunak:

Erlazionatuak

TAOren ordenantza: aldaketa nagusiak

Juan Luis Romatet 2021 ots 07 Zumaia 1