Ostegun honetan emango dituzte HAPO berriaren inguruko azalpenak, Oxforden

Dorleta Agiriano Lai 2021ko mai. 17a, 18:28
Hilaren 30era arte egongo da ikusgai HAPOren inguruko erakusketa.

Udalak aurreko ostiralean aurkeztu zuen HAPO berriaren proposamena, eta parte hartze prozesua ere jarri du martxan. Ostegun honetarako jarri dute aurreneko hitzordua: informazio hitzaldi bat egingo dute Oxford aretoan.

Prest dago Zumaiako Hiri Antolamendurako Plan Orokor (HAPO) berriaren proposamena, eta udalak aurreko astean aurkeztu zuen Aurrerakina. Orain parte hartze prozesua jarri du martxan, "Aurrerakinaren edukia egiaztatzeko eta osatzeko". Horri lotuta zabaldu dute erakusketa bat Oxford aretoan; maiatzaren 30era arte egongo da ikusgai HAPO berriaren proposamena argazki bidez laburbiltzen duen bilduma.

Bestalde, hainbat hitzordu jarri dituzte datozen asteetarako, eta ostegun honetan, maiatzaren 20an, izango da lehenengoa. Egun horretan egingo dute informazio hitzaldia Oxford aretoan, eta hizpide izango dituzte HAPOri lotutako "prozesu, gai eta eduki garrantzitsuak". 18:00etan ekingo diote saioari, eta bertaratzeko asmoa dutenek aurrez eman beharko dute izena, ondoko lotura honetan. Web-orri horretan dago ikusgai, gainera, Aurrerakinaren inguruko informazio guztia.

Parte hartze prozesuaren barruan, zumaiarren ekarpenak jasotzeko bi saio ere izango dira Alondegian; hain zuzen, ekainaren 9an bat eta ekainaren 10ean bestea. 18:30ean hasiko dira bi saioak, eta horietara joateko ere izena eman beharko da aurrez, goian aipatutako web-orri berdinean.

Erlazionatuak

HAPO berriaren proposamena aurkeztu du udalak

Dorleta Agiriano Lai 2021 mai 14 Zumaia